Ibintza elkarteak antolatzen dituen Kultur Egunak ospatu zituzten joan den asteburuan Iturenen. Ortziralean, urtero bezala, talo jatea egin zuten herriko ganbaran. Ondotik, ekialdeko dantzen erakustaldia izan zen Aixa taldearen eskutik. Larunbata, haurrei zuzendutako eguna izan zen. Goizeko 11:00etan, hainbat joko eta tailer antolatu zituzten herriko plazan. Eguraldi lainotsua bazen ere 20 bat haur bildu ziren, eta helduagoek prestatutako jardunetan gustura parte hartu zuten. Ibintza taldeko kideek buruaren erabilera eta kirola uztartzen zituzten jokoak prestatu zituzten. Joko arruntak baziren ere, parte hartzen zuten haurrek ederki gozatu zuten. Fresko egiten bazuen ere hotzik ez zuten pasatu. Ariketak egin eta gero, haurrei zuzendutako eguna izanik, eguerdian elgarrekin bazkaldu zuten Herriko Etxeko Ganbaran. Arratsaldeko 16:00etan Gorriti eta bere animalien bisita izen zuten. Helduek berriz mus txapelketa jokatu zuten. Eguna bukatzeko Arzallus eta Elorzak animatutako bertso afaria izan zuten Herriko Ostatuan. Igande arratsaldean, asteburuari bukaera emateko doinu ederrekin, Ansa ahizpek kantaldia eskaini zuten.