Mindegia eta Olasagastik apostua adostu dute. Bi aizkolarien arteko desafioa abenduaren 17an eginen da Tolosako zezen-plazan eguerdiko 12:30ean. Bakoitzak 24 kana-erdi moztu beharko ditu eta biek 18.000 euro jokoan emanen dituzte. Sarreren irabaziekin erdi bana eginen dute, eta egurrarekin gauza bera.
Mindegiak, Larretxea eta Nazabal ez ezik, edozeini bota zion desafioa, baina lehen hitzordura ez zen inor agertu. Olasagastik desafioa bota zuen baina 36.000 euro jokatuz. Nafarroako txapeldunarentzat 36.000 euro gehiegi zen.
Dena den, Mindegiak ez zuen etsi, eta hirugarren hitzordua egin zuten azaroaren 6an. Azkenean bi aldeak ados jarri ziren, saria 18.000 eurokoa izanen da, sarreren irabaziak erdibana banatuko dituzte, eta egurra bien artean ekarriko dute eta plazan jarriko. Abenduaren 17an jokatuko den desafioak ikusmina handia sortu beharko luke aizkora zaleen artean, alde batetik Nafarroako txapelduna eta bertzaldetik Gipuzkoako txapelduna neurtuko baitira.