Jon Rekondok irabazi du bigarren mailako aizkolari txapelketa

Aitor AROTZENA 2006ko abenduaren 5a

Jon Rekondo leitzarra pozik, Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketa irabazi ondotik. TTIPI TTAPA

Leitzarra jaun eta jabe izan zen Donezteben jokatutako finalean

Jon Rekondo aizkolari leitzarrak irabazi zuen azaroaren 17an Donezteben Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren finala. Hasieran bortz aizkolarik parte hartu beharra zuten, baina Luis Mari Belarrak, bronkitiak jota, ez zuen aizkoran aritzerik izan.

Gauzak honela, Rekondo leitzarrarekin batera, Beintza-Labaiengo Xabier Mindegia, Doneztebeko Juan Telletxea eta Altsasuko David Amillano aritu ziren. Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu behar izan zuen.

Jon Rekondo zen faboritoa, baina aldi berean, bera zen finaleko gazteena ere, 21 urterekin. Esperientzia ezak bere kontra joka zezakeen, baina ez zen halakorik gertatu. Lehen enborretik aitzinetik jarri zen leitzarra eta jaun eta jabe izan zen bukaera arte. Azkenean, 18 minutuan akautu zituen lanak. Bertze postuak ere nahiko abudo erabaki ziren. Hasieran, Xabier Mindegia Rekondotik hurbil ibili zen, baina oinbikoan adarra atera eta hortxe agortu zitzaizkion Beintza-Labaiengoari leitzarra harrapatzeko itxaropenak. Dena den, bigarren postua ez zuen inoiz arriskuan ikusi eta 19 minutu eta 41 segundutan akitu zuen, txapeldunak baino minutu eta 41 segundu gehiagotan. Hirugarren postua ere nahiko garbi finkatu zen haseratik. Amillanok lan ona egin zuen eta 21 minutu eta 25 segundu behar izan zituen. Juan Telletxea doneztebarra izan zen azkena eta 24 minutu eta 13 segundutan egin zuen lana.

Jon Rekondok, bigarren mailako txapela irabazteaz gain, heldu den urtean lehen mailan aritzeko eskubidea ere irabazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun