Usategien historian urte bakarra ezagutzen da aurtengoa baino txarragoa izan zena. Duela hiruzpalau urte 34 uso dozena bakarrik harrapatu zituzten sareetan, gure aitatxi-amatxien garaian hartzen zituzten kopuruetatik hagitz urrun. Aurten errepikatu egin da kopuru hori. Azken urteetako martxari segituz, hagitz balorazio txarra eginez akabatu zuten usazaleek aurtengo denboraldia joan den azaroaren 18an.
Etxalarren bezala, bertze Usategietan ere gaizki
Patxi Elizalde usazaleak erran digunez, “ez da Etxalarren bakarrik pasatu hori. Bertze 10 Usategiekin badugu harremana eta denetan arront denboraldi apala izan da”. Hamar usategi horiek elkarrekin harrapatu dituzten usoak kontuan hartuz, historian izan den kopururik eskasena dela aipatu digu Elizaldek. “Usoak izituak heldu dira eta ez dira sareetara arrimatzen. Gu saiatu gara eta egun on samarrak ere izan ditugu baina orokorrean desastrea izan da denboraldia”.
Eguraldia kontran
Eguraldiak berebiziko garrantzia du usoak harrapatzeko garaian. “%80a eguraldia da, eta bertze %20a usazaleok paratzen dugu”, azaldu digu Gerardo Danborienak. Ipar haizea behar da usoak harrapatzeko eta aurten haizegoa izan dute kasik egunero. Urri gehienean ez da iparrik sartu eta hondar astean 3-4 egun on izan bazituzten ere, usorik ez zen etorri.
Penak afari baten bueltan, pena erdi
Uso-denboraldi txarrak utzitako tristurak atzentzeko, afari ederraren bueltan bildu ziren usazale guztiak joan den azaroaren 18an. Kasik bi hilabete lanean aritu ondotik, hurrengo urtea hobea izanen den esperantzan agurtu zuten aurtengoa.