Egunero telebistako laburpenak, berriak eta bertze hainbat informazio

Aitor AROTZENA 2006ko azaroaren 30a

www.ttipi.net helbidea klikatu eta honelako portada aurkituko du internautak. Gero, bakoitzak aukeratuko du irakurri nahi duen atala edo ikusi nahi duen bideoa. Aitor AROTZENA

www.ttipi.net egunkari digitala

Euskal kazetaritzan aitzindaria izan zen ttipi-ttapa bere edukiak Internet bidez mundu osora zabaltzen (1996). Rikardo Arregi Kazetaritza Saria ere jaso zuen horregatik 1997an, «Komunikabideen Berrikuntza Saria». Geroztik, ordea, ahalegin handienak telebistari eskaini zitzaizkion eta azken urteetan utzi xamarra zegoen ttipi-ttaparen web-orria. Orain, nortasun propioa duen egunkari digitala jarri du abian Ttipi-Ttapa Fundazioak, taldeko aldizkari eta telebistaren osagarri bihurtu dena. Egunero-egunero testu, argazki eta ikusentzunezko edukiez gain, internautari interakzio aukera ugari eskaintzen zaizkio www.ttipi.net webgunean.


1996ko udan jarri zituen ttipi-ttapak bere edukiak lehen aldiz sareen sarean, Internet-en. “Ongi etorri ttipi-ttaparen Internet-eko ediziora”. Horrelaxe hasten zen 1996ko uztail hasieran proba gisara munduratu genuen lehen edizio elektronikoaren agurra. Gaur eguneko mundua nekez uler daiteke Internet edo posta elektronikorik gabe, baina duela hamar urte ezezagunagoak ziren, gure inguruan bederen. Ordurarte, irakurleekin nahiz berriemaileekin telefonoz, eskutitzez edo faxez izaten genituen harremanak posta elektroniko bidez ere gauzatzen hasi ziren.

Euskararen erabilerarako mundu berriak

Ttipi-ttapa izan zen, gainera, euskal prentsaren munduan edizio elektronikoa osatu zuen lehen komunikabidea eta halaxe aitortu zitzaion 1997ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian. Aurkeztutako 208 lanen artean “Komunikabideen berrikuntza” ataleko saria eskuratu zuen ttipi-ttapak. Sari banaketan aipatutakoaren arabera,«hedabideetako lana euskaraz burutzeko berrikuntzarik handiena eta eraginkorrena egin duenari eman diote». Epaimahaiaren ustez, «euskal prentsa amaraun-mundu berrian sartzeko bidea ireki du ttipi-ttapak: nolabait esateko, aldizkari nafarrari zor diogu euskal kazetaritza amaraunean, Interneten sartu izana. Eta ahaleginak neurtzea egoki ez ezik bidezkoa ere badenez, azpimarratzekoa da toki aldizkari bat izatea urrats hau ematen lehena gure artean». Ttipi-ttaparen lanari esker, euskararen erabilerarako mundu berriak eskuratu ditugula ere uste zuen Rikardo Arregi Sariko epaimahaiak.

Beraz, indarrez hasi zen ttipi-ttaparen ibilbidea Internet-en, baina egia aitortzeko, azken urteetan alde batera utzi xamarra zegoen. Edizio horrek bere mantenu lana behar izaten du, eta aldizkaria dela, telebista dela, eguneroko lanean murgiltzearen ondorioz, denbora gutti eskaini zaio web-orriari. Baina edozein komunikabiderendako Internet-en orria izateak duen garrantziaz jabeturik, aurten esfortzu berezia egin du horretan ttipi-ttapak.

nortasun eta bizi propioa du, aldizkari eta

Orain, aldiz, biziberritua eta itxuraberritua dator ttipi-ttaparen edizio elektronikoa, www.ttipi.net helbidean. Lehenbiziko web-orriarekin konparatuz, aldaketak begi bistakoak dira: orduan, ttipi-ttapa aldizkariaren edukiak sarera bolkatu egiten ziren, bertzerik gabe. Orain, aldiz, webguneak nortasun propioa du eskaintzen dituen hainbat eduki eta zerbitzuei esker, eta gainerakoan, telebista eta aldizkariaren osagarri egokia da. Beraz, nahiz eta ttipi-ttapa aldizkarian ez agertu, web-orrian irakur daitezke hainbat berri. Gaur bertan gertatzen den albistearen jarraipena egiten ahal da ttipi-ttaparen web-orrian. Bertze aldetik, ttipi-ttapa telebistaren eguneko albisteen laburpena ere ikus daiteke bideo formatuan. Honela, telebista-seinalea berez Bortziriak, Sunbilla, Malerreka eta Bertizaranako zenbait herrietan bakarrik ikusten bada ere, laburpen hori eskualdeko gainerako herrietan ez ezik, mundu zabalean ere ikus daiteke.

Honekin batera, kultur agenda osatua eta erabil erraza ageri da, eta internautak bere jakinarazpenak bidal ditzake webguneak dituen interakzio aukerak baliatuz.

Albiste berrienekin batera, ttipi-ttaparen ale zaharrak ere kontsultatzen ahal dira hemerotekan, herrika edo bilatzailea erabiliz. Baserriko prezioak, gastronomia errezetak, eguraldia eta bertze hainbat zerbitzuk osatzen dute webgunea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun