Nafarroako Foru-zainek herrialdeko 41 ostatuen aurka salaketak paratu dituzte ordutegiak ez errespetatzeagatik. Uztailetik urrira Foru-zainen Joko eta Ikuskizunen sailak 136 ostatu, dantzaleku eta joko edo ospakizun aretoetan ordutegiaren kontrolak egin ditu Nafarroa osoan eta gure eskualdeari dagokionez, Urdazubi, Lesaka, Bera, Donezteben eta Goizuetan. Ikuskapen horien ondorioz salaketak jarri dituzte horietako 41en aurka. Ordutegiak errespetatu ez duten establezimenduei horren berri eman zaie udalei zuzendutako gutun baten bitartez. Horiek horrela, hutsegitearen larritasunaren arabera 600 euro eta 6.000 euro arteko isuna arriskatzen dute.
Jakin behar da, indarrean dagoen legearen arabera idekiera ordutegiak hauexek direla, gazteentzako dantzalekuak, 18:00etatik 23:00etara, ostatuak, dantzalekuak eta jatetxeak goizeko 6:00etatik gaueko 2:00ak arte, jostetako aretoak eta internet guneak arratsaldeko 13:00etik gaueko 1:30ak arte, bingo, joko eta kirol aretoak goizeko 9:00etatik gaueko 3:30ak arte eta diskotekak eta besta aretoak arratsaldeko 18:00etatik goizeko 6:00ak arte.