Joan den igandean, Nafarroako Goma Gaineko 8X8 Soka-tira Txapelketako azken jardunaldia jokatu zen Arbizun. Gizonezkoetan 580kg azpitiko finala jokatu zen eta emakumezkoetan 480kg azpitiko bigarren jardunaldia.
Gizonezkoetan, hasiera batean 4 talde aritu behar baziren ere, azken momentuan Txantreakoek eta Berriozarkoek talderik ez zutela aurkeztuko jakinarazi zuten. Hori dela eta, Amaiurko bi taldeak besterik ez ziren neurtu behar. Txapelketa bertan behera ez uzteko Beti Gaztekoei talde bat osatzea eskatu zitzaien, eta hala egin zuten Txantreako lagun batzuekin elkartuz. Arazoak arazo, azkenean 580kg azpitiko finala Amaiur A eta B, eta Beti Gazteren artean jokatu zen. Bertze bi kategorietan txapela lesakarrentzat izan bazen, azken huntan garailea Baztandarren lehen taldea izan zen tiraldi guziak irabazirik. Amaiur B bigarren gelditu zen eta Lesakarrak, prestatzeko astirik ez zutelako izan, hirugarren gelditu ziren.
Emakumezkoen 480kg azpitiko bigarren jardunaldian txapelerako ez zen lehia handirik izan, eta lehenean bezala Sakanakoak nagusitu ziren tiraldi guziak irabaziz. Bertze bi taldeen artean aldiz lehia gogorra izan zen. Aitzineko astean Beti Gazteko A taldea B taldearen aurka nagusitu zen, baina igandean bigarren taldeak lehen bi tiraldiak irabazi zituen eta beraz jardunaldiko bigarren postua hartu. Hala ere txapelketan biak berdinduta zihoazelako 3 punturekin azken tiraldi bat egin behar izan zuten. Orduan lehen taldea berriz ere nagusitu zen, eta sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu zuten kostata izan bazen ere. B taldeak jardunaldi polita egin bazuen ere, azkenean txapelketako hirugarren postuarekin gelditu zen.