Malerrekako haurrei zuzendutako bertso-paper eta ipuin lehiaketa abian da

Xan Harriague 2006ko abenduaren 11

Irabazleen lanak Ttipi Ttapa aldizkarian argitaratuko dira

Malerrekako Mankomunitateko euskara batzordeak euskaraz irakurri eta idazteko zaletasuna bultzatzeko bertso-paper eta ipuin lehiaketa antolatu du 8 eta 12 urte arteko haurrentzat. Hala ere, bi kategorietan banatuko dituzte, alde batetik lehen hezkuntzako 3. eta 4. mailako haurrak, 8 eta 10 urte artean dituztenak, eta bestaldetik lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako haurrak, 10 eta 12 urte artean dituztenak.

Lehiaketan parte hartu ahal izateko aurkezten den idazkia euskaraz izan beharko du, eta jatorrizkoa. Ikasle gazteek nahi dutenari buruz idazten ahalko dute, gaia librea izanen da. Egile berberak sail bakoitzean lan bat baizik ezingo du aurkeztu. Luzetasunari dagokionez, antolatzaileek mugak jarri dituzte. Horiek horrela, ipuinek guttienez 2 orrialde izan beharko dituzte eta gehienez 6. Bertso-paper lehiaketara aurkezten diren lanek berriz guttienez 4 bertso izan beharko dituzte eta gehienez 8.

Lan guziak abenduaren 11an, astelehenarekin bilduko dira. Epaimahaiak haren lana betetzeko astia izan eta, sari banaketa abenduaren 20an eginen da Doneztebeko eskolan arratsaldeko 17:00etan. Sail bakoitzean sari eder bat emanen da eta horiez gain sarituen lanak Ttipi Ttapa aldizkarian argitaratuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun