Almandoz eta Belateko tunelek larrialdietarako plan berezia izanen dute

Xan Harriague 2006ko azaroaren 29a

Nafarroak dituen 39 tunelentzat larrialdietarako protokoloa zehaztu dute

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du herrialdeko tuneletako larrialdietarako plana onartu duela. Horretarako Nafarroak dituen 39 tunelak banan bana aztertu dituzte eta ezbehar bat gertatuz gero protokoloa zehaztu. Almandoz eta Belatekoen kasuan, bertzeak baino luzeagoak direlako, larrialdietarako protokoloa berezia izanen da.

Ezbehar baten kasuan babes zibileko zerbitzuak ahal bezain ongi lan egin ahal izateko, tuneletan segitu beharreko arau orokorrak zehazteaz gain, tunelen datu basea, Belate eta Almandozkoetan protokolo berezia, aireztatze bortxatua duten tunelen protokoloa, eta azkenik aireztatzerik behar ez duten tunelen protokoloak zehazten ditu Planak.

Europako arautegiak horrelako planak egitea behartzen du Europako Errepide sarean diren 500m baino gehiagoko tunel guzietan. Nafarroan horrelakorik ez dago baina gobernuak araua indarrean eman nahi izan du herrialdean diren tunel guzietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun