O’Toole australiarra da larunbateko faboritoa

Xan Harriague 2006ko azaroaren 24a

Nazabal, Arrospide eta Larretxea izanen dira Euskal Herriko aukera onenak

Egur Sporten Nazioarteko lehiaketaren finala bihar jokatuko da Azpeitiako Landeta auzoko kiroldegian. Zuzenean sailkatuak ziren Suitzako Schonbachler eta Frantziako Ghein aizkolariez gain, joan den asteburuan Legutioko eta Lekunberriko kanporaketan sailkatu ziren bertze 13 aizkolari arituko dira. Horietako 8 Euskal Herrikoak izanen dira, hala nola, Nazabal, Arrospide, Larretxea, Olasagasti, Etxebeste, Senosiain, Txapartegi eta Barberena. Australiatik O’Toole eta Coffey arituko dira, Kanadiatik Bischoff eta Zelanda Berritik Jordan. Txapelketa sei probetan banatuko da, baina 15 aizkolariak proba guzietan ez dira arituko. Lehena erlojuz kontrako 45 ontzakoa moztea izanen da, bigarrena berriz, kana-erdiko zutik, hirugarrena 60 ontzakoa, laugarrena 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan, bosgarrena bi 45 ontzakoa bat zutik eta bertzea etzanda, eta azkenik lau kana-erdiko. 15 aizkolarien artean 5 dira proba guziak eginen dituztenak, Nazabal, Arrospide, O’Toole, Schombachler, eta Ghein. Hori dela eta, 5 horiek izanen dute txapela jaunzteko aukera handiena. Zehaztu beharra dago larunbateko finalean, kanporaketan lortutako puntuak ez direla kontuan hartuko. Txapela lortzeko faboritoa Laurence O’Toole australiarra da. Orain arte oso indartsu ibili da, eta proba gehienak oso egokiak ditu. Kanporaketetan ikusi ez den Schombachler suitzarrak ere ikusmina piztu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun