• Kristof Luberriaga saratarrak ez du sekulan ikasi norbatekin instrumentuen egiten, baina duela 7 urte Afrikatik itzultzean, «kora» hango hari instrumentu baten modernizatzearen ideia ukan zuen. • Dirulaguntza eskuratu zuen gazte lehiaketa batean eta prototipoak atera zituen. Proiektu hori landuz ohartu zen soinu fisiko batetik soinu elektriko batera erabiltzen zuen teknika (Pietzo kaptadoreak) oso ona zela eta gitarrak egiten ere hasi zen.
Zer da «kora» eta zer aldaketa egin dizkiozu elektrokora deitzen den musika-tresna asmatzeko?
Kora hari instrumentu bat da, Kazamanzetik heldu da, Senegaleko hegoaldean. Han Krio deitzen diren familiek erabiltzen dute, bereziki istorioak, ipuinak eta genealogia kontatzeko. Bere forma tradizionalean sinpleki azaltzeko giderra eta erresonatzi kutxak osatzen dute, usaian azken hori nahiko handia da. Egun batez, Uagadugun nintzen, Burkina Fason, eta ostatu hartan kora joile bat ari zen. Bainan ohartu nintzen bere koran aldaketa ttiki bat egin zuela, ez zituen usaiako nylonezko hariak baizik eta harpa batenak. Orduan gogoratu zitzaidan aldaketa hori haratago eramaten ahal zela, badira gitarra klasikoak eta gitarra elektronikoak, beraz, zertako ez kora elektronikoa. Hortik goiti, proiektuari bueltak eman nizkion eta azkenean urte batzuk lan egin eta entseatu ondoren atera dugu elektrokora deitu duguna.
Egiten dituzun gitarrei buruz zer erraten ahal diguzu?
Gitarran aldatzen den gauza bakarra sa soinua elektrifikatzeko manera. Elektrokoran Pietzo kaptadorearekin ukan nituen emaitzak nahiko onak ziren, eta beraz, saiatu nahi nuen. Ateratzen den soinua da gitarra elektronikoa eta elektroakustikoaren artekoa. Denbora berean doikuntza berezi batekin gitarra berean ukaiten ahal dituzu bi soinu ezberdin horiek.
Zein da orain arte ukan duzun arrakasta?
Egia erran nahiko ona izan da bainan aitortu behar dut kritikak bildu ditudala ere. Itxuraren aldetik erantzun ona izan da alde guzietatik. Gero, kora ezagutzen ez zutenetan, soinuak arreta anitz deitu du. Aldiz, joile tradizionalak izan dira kritikoenak. Aski ongi atzeman badute ikuspegi praktiko batetik, ttikiagoa eta beraz aiseago ibiltzen ahal zelako, soinuaren aldetik uste dut aurrerakoiegia izan dela haientzat eta bereziki jotzen duten estiloarentzat. Diagnostika horretatik abiatuz, aldaketa batzuk egin ditut. Hala ere, uste dut denek pentsatzen dutela aitzinera urratsa dela.
Horren inguruan Africora elkartea sortu duzue. Azaltzen ahal diguzu zer diren elkarte hunen helburuak?
Elkarte horren egiteko bildu ginen lagun kuadrila bat, gehien bat musikazaleak, Burkina Fasorekiko harremanak sakontzeko. Lehen helburua izanen zen elektrokora hori ongi saltzen bada han eginaraztea, beraz, lan pixka bat eskaintzea. Bertzalde, ikastaro batzuen eskaintzeko asmoa dugu, soinuaren teknikan. Azkenik, harremanean emanen ditugu Senpereko ikastola eta hango lehen mailako eskola bat. Pentsatzen dugu hemen guraso bakoitzak haurra eskolara eramaten duelarik Afrikako haur baten eskolaratzeko gastuak pagatzen ahalko lukeela. Azpiegitura badute, baina sartzeko ordaindu behar dena, 10 euro inguru baizik ez bada ere, anitzentzat gehiegi da.