Proiektutik ekintzara pasatzen hasi dira Ibardinen. Duela zenbat egun berrikuntzak ordaindu beharko lituzkeen gasolindegi berria ideki dute. Azken hunen itxura berritzaileak, hor eginen diren obren ideia ematen du.
Berako Javier Lekuona arkitektuak marraztu du, berezia, aitzindaria eta ausarta. Ibardineko saltokiak berpizteko eta garatzeko pentsatua izan den planaren lehen pausua dugu. Proiektu osoan 22 milioi euro baliatuko dira, lehen hau bururatzeko 1,2 milioi euro ordaindu dira. Urtean ibiltzen diren 2 milioi turisten artean egin ikerketaren ondotik agerian egon zen, gehien eskatzen zen zerbitzua gasolindegia zela. Irabazien zati baten truke Berako Udalak utzitako lurretan, Benten Elkarteak (25 Berako lurretan eta bertze 12 Urruñakoetan) proiektuari hasiera eman zion. Orain arteko negozioak sendotu nahi badituzte ere, denbora berean aldaketen bitartez, haien etekinak ateratzeko bideak zabaldu nahi dituzte. Orain arte, irabazien 3 laurdenak zigarreta eta alkohola saltzetik heldu ziren. Europa dela eta pentsa daiteke produktu horietan agertzen ziren ezberdintasunak leunduko direla. Horregatik, eraman duten ikerketa baten emaitza ikusiz, haien merkatua zabaldu nahi dute bezeroek eskatzen duten bezala, modako eta markako gauzetara. Orain arte Ibardinen hirigintzako planik ez bada izan, proiektu hunen bitartez, gunearen irudia berritu nahi dute, bainan ingurumena errespetatuz.
Fruta arbolen landatzea
Fruta arbolen landatzeko udazkena da sasoirik aproposena. Hormarik ez badu egin, lurra hezea eta beroa egoten da. Baratzean lanean hasi aitzin zuhaitza hautatu behar da. Aukeratzerakoan 3 ezaugarri nagusi izanen dira. Lehenik itxurari kasu eman behar zaio, arbola ahal bezain zuzena izan behar du. Ondotik zuhaitzaren adinari: astia baldin baduzue gaztea hartu beharko da, duela urte bat txertatua izan dena. Aldiz ahal bezain laster fruituak nahi badituzue duela 3 urte egina izan dena hartuko duzue. Bainan heldutasuna, hirugarren ezaugarriarekin lotua da, hala nola zenbat diru gastatu nahi den, zuhaitza handiago bada gehiago gostatuko zaizue. Erosterakoan ez bazarete segur, ez izan beldurrik saltzaileari zehaztasun guziak galdetzeko eta bereziki erosi duzuen arbolak zer baldintzak behar dituen ongi garatzeko. Anitzetan leku eguzkitsu batean landatuko da eta haizearen babesean dena. Ziloa, landatu baino 2 edo 3 aste lehenago egin behar da, sakona bezain zabala izan behar du, 60x60x60cm.