Atzerriko landareak nagusitzen ari dira gure bazterretan

Xan Harriague 2006ko azaroaren 24a

Ameriketako Phytolacca. Hemengoa ez den landare hunek fruitu beltzak ematen ditu eta 1,50 metro luze izaten ahal da. TTIPI TTAPA

Orain munduko luze-zabalean egiten diren salerosketek ahalbideratzen dute hori

Bidasoako landareak, ikerketa baten aztergai izanen dira. Kanpotik etorritako espezie batzuk arazoak sorrarazten dituzte eta horiek eragin handiagoa izan baino lehen Nafarroako Ingurumen Departamentuak horien aztertzea eskatu du.

Ez da oraingo gertakaria bainan gero eta zabalagoa bilakatzen ari da. Bidasoako ibarrean kanpotik etorritako landareek dagoenekoz 99 toki inbaditu dituzte. Gehienak Bortzirietan eta Sunbillan. Ez dira badaezbada landare larrigarriak, bainan gaina hartzen diete hemengo betiko landareei. Zoritxarrez, arazoa ez da horretan gelditzen, eskualdeko landare batzuk desagertaraziz, denbora berean arrain edo lurreko animali batzuen janaria ere suntsitzen dute. Azkenean, kaltegarriak ez badirudite naturaren bizi osoa desorekatzen ahal dute.

Urteen joanean handitzen ahal den arazoa

Oraindik aldaketa ez bada larria, urteen joanean handituz joan daiteke. Aniztasun biologikoarentzat kaltegarria delako, ikerketa horretan saiatuko dira aurkitzea zerk eragiten dituen ingurumen aldaketa horiek, hala nola baratzeko jarduerak izan etxekoak, laborantzakoak edo bide bazterretakoak. Azterketa horren emaitzak erakutsiko dute inbasiori aurre egiteko zer erabaki hartu behar diren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun