Esne aunitz biltzeko, ardiarenak bezain garrantzitsuak dira ahariaren ezaugarriak

Xan Harriague 2006ko azaroaren 24a

Arantzako Oskozenea baserriko aharia. Xan Harriague

Garai batean intseminazio artifiziala erabiltzen bazen gure eskualdean

Eskualdean ditugun artalde gehienak esne ekoizpenari zuzenduak dira. Beraz ugalketa kontuetan garrantzia aunitz ematen zaio amak ematen duen esne kopuruari. Hori beharrezkoa bada ere, ahariaren ezaugarriei kasu egiten zaie, batez ere gaztea delarik, atxikitzea erabakitzen delarik. Orduan kontuan hartuko dira gurasoek zituzten emaitzak.

Ahari ttikiaren jatorriari begiratuko zaio. Inguru horietan erabiltzen den estaltzeko moduarengatik, ahari bat baino gehiago erabiltzen dira. Aunitzetan zaila da jakitea zein den aita, beraz amaren esne ematearen arabera hautatuko da ahari gaztea. Jorge Oteiza, Oronozko artzainak erran zigun bezala “bistan da kasu egiten dela gurasoek zituzten emaitzei bainan nire kasuan behintzat ardiaren estetikari ere garrantzia ematen diot. Gorputz ederra izan behar du eta nik, bakarrik buru beltzak nahi ditudanez, hori ere ezaugarri bezala kontuan hartzen dut. Gaurko egunean arrazak gero eta garrantzia handiagoa hartzen du”.

Behin hautatu denean, ahari gaztea hazi beharko da ahal bezain sanoki eta ongi bazkatuz. Beti ere aholkatzen da bildotsa ahari helduengandik baztertzea. Ahari gazteak bortz hilabete dituelarik estaltzen hasten ahal da bainan zazpi hilabetetan eraginkorragoa izanen da. Adina baino zuzenagoa da pisuen aipatzea. Aharia ernaltzeko prest da, heldu eta izanen duen pisuaren %60a duelarik. Normalki, ugaltzaile ona aterako da 5 hilabetetan barrabilen itzulian 24 cm dituen animaliak. Handiagoak izan eta, hazi gehiago ekoiztuko du.

Estaltze garaian

Erabiltzen den maneraren arabera, hala nola arkara eragina bada edo naturala bada, ahariak lana banatua izanen du hilabete batzuetan edo epe labur batean. Bereziki azken kasu huntan, arrak osasun onean egon beharko du. Beraz, aharia artaldean eman aitzin azterketa orokorra eginen zaio. Azazkalak eta ilea moztu. Jakin behar da, gazteetan bereziki, tenperaturaren igoera batek, indarrezko ariketa luzatu batean, animalia aketzen ahal duela aste batzuentzako. Bazkaren aldetik, egun horietan gastatzen ahal dira. Hala ere ez dira ez sobera lodiak ez eta makalak izan behar. Batzuek hautatuko dute hormona batzuen ematea hazien ekoizpena emendatzeko edo libidoa handitzeko. Azken hunen hobetzeko ere, aharia estaltzerik egin gabe egon bada, artalde osoan sartu baino lehen, egun batzuk aitzinago ardi zahar batzuekin ematea aholkatzen dute batzuk.

Neurri horiek hartuz geroz arra prest da lanean hasteko. Estaltze natural batentzat erraten da 35 edo 50 emerentzat ahari bat behar dela. Gaztea bada zenbaki horiek 15 edo 25era jausten dira. Arkara eragina bada, emaitza onak izateko 3 ardirentzat ahari bat behar da. Modu hori erabiltzen bada aholkatzen da emea estali bezain laster artaldetik ateratzea.

Aharia ordezkatzeko ordua

Artzain batek jakinen du ahari aldatu behar duela barrabiletan normala ez den edozein gauza ikusten zaiolarik. Aunitzetan erran nahi du ez dela gehiago eraginkorra izanen edo libidoa galtzen ari dela. Jorgek zioen bezala, “aise ikusten da aharia ez delarik gehiago eraginkorra, adinarekin alfertzen da, ez du gaztetan bezala lan egiten eta emaitzak ahultzen dira”. Kasu horietan animaliak ez du gehiago balio. Esne ekoizpenari dagokionez ahari bat baztertuko da hunen ondorengoak ez direnean onak ateratzen. Azkenik, bertze ardi guztiak bezala eta artaldea babesteko, aharia banatuko da eritasun kutsakorra harrapatu baldin badu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun