Jagobak lehen argazkia herrian atera zuen, Aurtizen. Geroztik munduan barrena ibili da, ikasten etaesperientzia hartzen. Hasi berritan, ilusioz beterik joaten zen, pentsatuz lana ongi eginez gauzak aldatzen ahalko zirela. Zoritxarrez laster ohartu zen munduko agintariak bihurriagoak zirela. Nahiz eta frogak izan, zuzenbidea ez zela beti lehentasuna.
Aitatxiren argazki zaharrak ikustetik profesionalki horretara dedikatu behar zenuela pentsatzera nola pasatu zinen?
Ez da pausu haundia. 10 urterekin olentzerori eskatu nion kamara bat. Oroitzen naiz nire lehenbiziko argazkia Aurtizko Tomasenetik pasatzen ari ziren ardi batzuei ateri niela. Hortik bi hiru urtetara argazkiak egiten nituen asteburuetan mendian egiten nituen ibilaldieta horrela, poliki-poliki. Nire anaiak Korrika 4an lekukoahartu zuen eta argazki hura izan zen nere lehen argazki publikatua, Ttipi Ttapa aldizkarian.
Argazkilari gisa, nola definitzen duzu zure burua?
Ez dakit, zaila da argazkilari gisa definitzea. Argazkilari egiten zara, nire kasuan behintzat, dokumentalista gisa. Nik urte batzuk hemen daramazkit, baina urte dexente pasatu ditut hemendik kanpo. Eta errealitate hori erakustea da bilatzen dudana, exenplu bezala balio izatea, historia idazten dutenek egia edo gezurra erraten duten ikusteko. Horregatik, prentsara dedikatzen naiz gehien bat. Errealitatea kaleratzea bilatzen dut. Ez dadin gelditu batzuen eskutan bakarrik, “errealitatea hau da” diotenekin, eurek nahi dutelako bakarrik. Zentzu horretan definituko nintzateke.
Estudioko argazkiak, zinema argazkiak, paisajeak, aurpegiak. Zer duzu gustokoen eta zergatik?
Nik prentsa dut gustokoen, dudarik gabe. Oso saltseroa naiz eta lanean bulego batean sartuta egotea ez dakit eramaten ahalko nukeen. Zahartzen naizenean akaso etsiko nuke lau pareten artean, baina orain momentuan, nahiago dut kaleko argazkilaritza. Argazkilari batzuk publizitatean lan egitea maite dute eta kolonia botila bati argazkiak ateratzen 7 egun pasatzen dituzte. Oso lan mantsoa da. Ni horrelako lanetarako ez nago prest gaur egun. Prentsak dena biltzen du: prentsaurrekoetatik hasi eta, erretratoetan bukatuz. Oso nekagarria da. Ez duzu ordutegirik. Ohetik altxatzen zaituzte,baina aukera haundia ematen du prentsa-argazkilaritzak. Aunitz ikasten da, lan bizia delako, azkartasun handikoa.
Argazkilariek anekdotak zientoka izaten dituzue. Egoera gogorrak eta inkomodoak ere aunitz, ezta?
Horrelako momentuetaz gero konturatzen zara. Gure lanean pentsatzen hasten bazara zer gertatuko zaizun manifestazio batean, adibidez, jendeak egiten duen gauza bera eginen zenuke: ostiaka hasten direnean eskapo. Baina gure lana horixe da, ostiak daudenean hor egotea ostia horiek argazkitan biltzeko. Momentuan ez duzu hori begiratzen. Polizien artean bulkaka hasten zara, kamara sartzen, eta aunitzetan ikusten duzu hagitz hurbil ibili zarela ostia bat hartzeko. Horrelakoak milaka pasatzen zaizkigu egunero.
Badakit ongi eramaten zarela bertzeak bertze, Miguel Sanzekin eta poliziarekin.
Bakoitzak bere lana egin behar du. Miguel Sanzekin pertsonalki dugun harremanarekin ongi moldatzen naiz Politikoki ez nago batere ados eta berak badaki gainera. EITBko kamara batek beti erraten dit “berarekin hitz egiten uzten dizu eta gainera bakarra zara entzuten duena”. UPNekoen artean ere parlamentuko saioa hasi aitzinetik, korrilloetan egoten direnean, bera nagusia izanik, hitz egiten du eta bertze parlamentari guztiak xume xume egoten dira. Nik zertxobait erran behar badiot kasu egiten dit, bistan da politika ez dugula aipatzen. Azkenean gure lanak eskatzen du harreman hori, jende guztiarekin egon behar baituzu. Nekazari batekin egon zaitezke, behiaren arazoa ulertu, baina egin ezer ere ez, edo bere arazoa ez da zurea, bere ideiak bere ideiak dira eta nereak ez, noski. Poliziarekin kontaktua duzu zeren eta manifestazio pila bat daude urtean zehar eta azkenean aurpegiz ezaguna egiten zara. Ez dakit oraindik hala den baina duela gutti arte gure aurpegi guztiak agertzen ziren kuartel guztietan, erakusteko hauek dira kazetariak. Ezagutzen zaituzte eta trato berezia duzu, argazki hori ez egin ez jarri hemen, bainan zure lana egin behar duzu eta beraz pausatzen dizkizuten arauak bortxatzen dituzu batez ere eskubide batzuk dituzulako eta defendatu behar dituzu. Iskanbilak izan ditut bainan orokorrean, ongi moldatzen naiz. Lagunak, lagunak… ez dira, hitz honi bertze definizio bat ematen diot.
Gertatu zaizun anekdota berezi bat.
1996an itzuli nintzen Euskal Herrira hemen gelditzeko asmoarekin. Itoizko kableak hautsi zituzten, kazetari guztiak han ginenean. Hortik Goardia Zibilak kuartelara eraman gintuzten eta argazki-karrete guztiak hautsi. Gutti gora behera 50 bat. Beraz, horiek pentsatzen zuten gertakari horri buruz ez zela argazkirik aterako. Baina biharamunean ez zen hala izan eta kazeta guztietan agertu ziren. Preseski egun horretan aberri eguna zen Irun eta Hendaiaren artean. Beran kristoren kontrola zegoen eta gelditu egin ninduten. Goardia Zibil batek galdetu zidan, argazki horiek zer? Nork ateri ditu? eta nik erantzun nion baten bat nik neuk. Orduan irriz hasi zen eta erran zidan: “Agoitzeko lagunek begitan hartuak zaituzte”. Gero urte askotan, Agoitzera joaten nintzen aldi oro, nitaz oroitzen ziren eta karga baldin bazen segur nintzen nahi gabe kolpea hartuko nuela. Horrelako anekdotak pila bat gertatzen dira baina azken batean guretzat normalak bilakatzen dira.
Iraken eta Bosnian egon zara bertzeak bertze. Nolakoa da gerlako argazkilari aren lana?
Hemen gauzak zailak baldin badira, gerla batean oraindik gehiago. Gosea eta gauza guzti horiek ez ditugu sobera sufritzen, enpresatik diru asko eramaten dugulako. Jendeari ulertarazteko zaila da. Dena da insekuritatea, egunez eta gauez. Deus ek ez du logikarik, nahiz eta gerla guztiak desberdinak izan. Israelgo konfliktoa, adibidez, urteen joanean aldatu egin da, ez dakit zenbat bake itun badiren. Hemendik begiratuz pentsatzen ahal da egunero bonbak badirela baina normalean, nahiko lasaia da. Gertatzen dena da bat batean hiruzpalau helikoptero etortzen direla eta tiroka hasi. Mugitzeko eta lan egiteko nahiko zaila da guretzat, eta oraindik uste dut azken urtean aldatu egin dela. Sharonek ez du gehiago arazorik bere irudi txarrarekin. Beraz, argazkilariak joaten dira militarrekin. Tiroka hasten dira haur batzuen kontra, eta horiek, harriekin erantzuten dute. Hau egoera arrunta da. Toki anitzetan horrelako argazkiak gordetuak badira, han ez dago arazorik. Jendeak ez ditu hitzak ulertuko edo sinestuko bainan argazkiak bai. Hortako, holako gatazketan beti soberan zaude. Azkenean guk egiten duguna errealitatea erakustea besterik ez da. Ondotik enpresak nahi duena ematen du.
Horrelako egoeran, hala ere, gure segurtasuna da ezaugarri nagusia. Bosniako toki batzuetan 500 metro egiteko hiru ordu behar nituen guttiengo segurtasun neurriekin. Gainera kazetari edo argazkilari izanez gero, presio gehiago duzu zure gainean.
Inoiz ikusi duzu zure burua arriskuan argazki bat ateratzeagatik?
Lanean zaudenean, kamara bat jartzen duzu zure aurpegian eta ikara hori ez duzu sentitzen. Baten batek bere etxean goxo-goxo dagoelarik erranen du ezetz, baina uste dut lanak itsutzen zaituela eta ez zara konturatzen gertatzen ari denaz. Gero laborategian argazkiak ikusten dituzunean lasaitasunean, erdi bunker batean, gerlatik aparte, orduan konturatzen zara, noraino iritsi naizen gaur, hurrengorakoan ez dut suerte hori izanen. Baina egia da lanean ari zarenean ez zarela ohartzen. Ematen du inmortala zarela, eta gero gertatzen da gertatzen dena.
Profesionalki konpentsatzen al du horrelako tokietan egoteak?
Ez, ez du konpentsatzen. Behar bada hori pentsatzen duzu momentu batean gaztea zarelarik, ideologikoki egiten duzunean. Baina nire kasuan 3 urte eta gero, ezetz erran nuen, ni horretan gelditzen naiz. Adibidez, duela urte bat, argazki batzuk erakusten zuten Irakeko presoak nola torturatuak izan ziren. Mundu guztiak ikusi ditu, eta hala ere, Bushek hor segitzen du. Beraz, horrela segitzea, ez dakit… Garai batean beharbada pentsatzen nuen argazki batzuei esker gerla hauek geldituko zirela baina azkenean uste dut gaur egun duela 20 urte baino arma gehiago saltzen direla munduan.