Deusetarako baliorik ez zuen zureria arte bihurtu du Juan Gorritik

Xan Harriague 2006ko azaroaren 24a

Xan Harriague

Irail osoan Sarako Herriko Etxean ikusgai da Arribeko artistak egindako obra

Duela bi urte, herriko bestak zirela, sute batek Sarako elizdorrea suntsitu zuen. Gastu materiala bazen, baina denbora berean herritarren historiaren zati bat ketan joan zen. Bigarren ondorio hori ez delako sekulan berreskuratzen ahalko, herriko zinegotzia den Hervé Sorianok pentsatu zuen gelditzen zen zureriarekin artelana egiten ahal zela, azken mendeetako lekukoa izateko.

Urrundik ikusten ahal zen eraikin hunek historia aberatsa zuen, 1615ean Pedro Axularrek egin arazi zuen dorrea eta bere sakeletik pagatu. Frantses iraultzan erre zuten, saratarrek erregearen alde erakutsi zuten jarrerarengatik.

Orain, ezkilak ez du garrantzia anitzik, baina lehenagoko bizian, gertakarien oihartzuna ematen zuen, izan heriotzak, mezak, edo bestak.

Herriko kontseilariei ideia ona iduritu zitzaien, baina gero zizelkaria aurkitu behar izan zen. Horrelako lanetan famatua den Juan Gorriti nafarrari proposatu zitzaion eta hunen baiezko erantzuna berehalakoa izan zen, egur meta errea ikusi zuelarik.

Juan Gorriti, Larraun aldeko artista

Artista hau 1942an sortu zen Larraun aldeko Oderitzen, aitatxia zurgina zuen, aita berriz mendiko guarda, beraz, egurraren mundua ezagutzen zuen. Juanek dioenez egurrerako duen lotura bakarrik eta ttipitatik egin zuen, “bospasei urte nintuelarik nire lehen jostagailuak familiakoen tresnak izan ziren, egurra zizelkatzeko aizturrak, mailua eta horrelako… Ondotik zurgin egin nintzen”. Lanbide horretan hainbat lekutan lan egin eta, Gorritik Jorge Oteizaren ezagutza egin zuen. Orduan, beti gustukoa izan duen artisten munduan sartu zen. Nafarrak dioen bezala, “aunitzentzat mezua edo sentimendua pasarazteko idatzi behar da, nik berriz horretan ez naiz aditua, horregatik nire hizkuntza erabiltzen dut, egurra lantzearena, itxurarena”.

Liburua, bere maneran idazteko, Juan Gorritik zureria Araitzera eraman zuen eta sei hilabetez lanean aritu ondoren, Oihanaren Bihotza izena duen, 3,50 metro alturako obra atera zuen, adin ezberdineko egurrez osatua. Obra Sarako elizan ikusten ahalko da irail hondarretik aitzinera.

«Egur errearen bihotza berreskuratu dut»

Artistaren arabera, 2003ko sutea hondamen handia izan zen. Bainan denbora berean gauza ez zen horretan gelditu eta egin duen lanari esker, “egur errearen bihotza berreskuratu dut eta Sarako herritarrei itzultzen diet, herriak aunitz irakatsi nau eta orain egiten ditudan gauzak herriari itzultzen dizkiot”. Obra nagusia egina, Gorritiri gogoratu zitzaion bertze eskultura ttiki batzuen egitea, ezbeharrak eragin zituen gastuetan laguntzeko. Horrela 100 bat obra ttiki zizelkatu ditu, urrea edo jatorrizko burdina nahasiz. Joan den abuztuaren 12an Sarako Herriko Etxean egindako prentsaurrekoan Gorritik erran zuen bezala, “urrea gehitu nahi izan dut, aberastasuna delako, argia, jendeak izan behar duena”. Zati ttikienak 40 bat zentimetro egiten ditu. Handiena berriz, elizarako atxikitzen dena da. Sinpleak badirudite ere, denek eramaten dituzte urteen pisua eta esperientziaren arrastuak. Horiekin, joan diren hilabeteetan erakustaldiak egin dira Donibane Garazin eta Baionan. Irailean Saran izanen da eta ondoko hilabetean Parisen. Bertze hainbat erakustaldi eginen dira heldu den urtear.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun