Azken hiru hamarkadetan gure eskualdeak aldaketa anitz ezagutu ditu. Bideak hobetu dira, tunelak ideki, bide batzuk zabaldu… ibiltzeko gaitasuna azkartu eta hobetu egin da. Lanaren aldetik, Europa guztian bezala, aldaketak nabarmendu dira. Lehenago, gure mendialdean izigarri inportanta zen lehen sektoreak, laborantza tartean, gero eta lan aukera gutiago eskaintzen ditu. Industria arloan, Alkaiagako industrialdea garatu da. Azkenik, hirugarren sektoreak igoera handia ezagutu du, bai turismoari lotuta, bai bertako jendearen bizi moldeari lotutako zerbitzuetan. Lantegiek eta batetik bertzera ibiltzeko errextasunak gure bizitzeko moduan pisu handia dute, eta hori begibistan gelditu da azken 30 urte horietan herri-arteko mugimendu demografikoen gora beheretan.
Gurea eremu ttikia bada ere, biztanleriak aurpegi ezberdinak ematen ditu, lurraldetasunaren arabera eta urteen arabera.
1975etik hunat herri gehienek biztanleak galdu dituzte. 28 herrietatik 19tan herritarren kopurua murriztu egin da. Gehien galdu dutenetan, Baztanek 1.090 bizilagun gutiago, Goizuetak 533, Lesakak 330 eta Leitzak 290. Ehunekoaren arabera horiei gehitu behar zaie Arano, Eratsun, Ezkurra, Beintza Labaien, Saldias eta Urdazubi. Azkeneko horiek biztanleriaren %30 eta %40a artean galdu dute.
Miriam Arozena, Goizuetako udal idazkariaren ustez, argi dago Leitzaldeko biztanleriaren murriztean lan eskasiak zerikusi haundia izan duela. “Azken 3 hamarkada horietan, jendea Gipuzkoa aldera joan da, baita Nafarroa aldera ere, bainan ez hainbeste. Duela 40 urte Leitza eta Goizueta artean mina batzuk baziren, lana eskaintzen zituztenak herritarrentzat baita kanpoko jendearentzat. 1960ko hamarkadan 70 bat goizuetarrek lan egiten zuten horietan eta beste hainbeste kanpotarrek. Hona jende asko hurbildu zen”. Industria nahiko hedatua zen garai hartan, kontutan hartuz Leitza eta Goizueta herri batzuk baizik ez zirela. Miriam Arozenaren arabera “Sarrio eta zentral elektrikoak garairik onenean zirelarik, Goizuetako 100 bat lagun enplegatuko ziren. Orain automatizaziorekin, fabrika horietan 30 bat goizuetar baizik ez dira izanen”. Miriamek azpimarratu duenez, “sorgin gurpil bat bilakatzen ari da. Gero eta lan guttiago, biztanle guttiago, zerbitzu guttiago eta gainera sortze guttiago”.
Baztango kasuan ere lan eskasa izan da jendeak alde egiteko faktore nagusietariko bat. Iñigo Iturralde, Baztango zinegotziaren iritziz, “azken 30 urteotan, nekazaritza pixka bat beheiti gan da. Orain jendeak lana aurkitzen du industrigunetan, eta hemen inguruan bai badirela burdineko fabrikak, bainan industria gehiegi ez da sekulan izan Baztanen. Beraz, hemengo jendeak alde egin du Iruñera lan egitera. Gero, egunero ibili beharrean, batzuk aukeratu dute han bizitzea”. Iñigo Iturralderen ustez, lan egiteko moldea ere aldatu da azken 30 urteotan, eta eragina ukan du Baztango biztanleriaren gibeleratzean. “Lehen baserrietan nekazaritzatik bizi zen familia guzia, orain aldiz, agertu diren makinekin, lanak eramaten ditu lagun batek. Eta gainera jendeak jo du 8 orduko lanetara eta asteburua libro, baserrian ez delarik hala”.
Batzuen kopurua murriztu bada bertze batzuena handitu da. Eskualdeko herrien herena emendatu da, Lapurdiko herriak, Bera, Bertizarana, Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Donamaria. Biztanleriaren garatze hori bi zatitan bana daiteke. Sara, Azkain, Senpere, eta N121Atik hurbil diren herriak. Alde bat Gipuzkoara begira dago eta bertzea Iruña aldera.
Azkain, Sara eta Senpereko bizilagun kopuruak nabarmen goiti egin du
kiak ikustekoak dira. Senpereko kasuan biztanleria emendatu da %90,1 azken hiru hamarkada horietan, 2.315 lagun irabazi dituzte. Azkainen, zentsua heldu den urtean eginen denez, bakarrik kontuan har daitezke 1999ko datuak. Horiek diote Azkaineko biztanleria %69,7 handitu dela 1975tik 1999ra. Sarak ere mugimendu hori segitu du, baina ez hain nabarmenki, %19,9 garatu da, 366 lagun irabaziz. Herri hauetan emendatze naturala ez da izan faktore nagusia biztanleria garatzean. Eragin handiena ukan duena kanpoko jendearen etortzea izan da. Mixel Lahetjuzan, Senpereko asuantaren arabera, “jendeek ez zituztelarik gehiago heien biziak muntatzen ahal kostako hirietan, Senpere edo Azkain bezalako herrietara etorri dira eta etortzen dira oraino”. Azken 30 urteetan Senperek izigarriko saltoa egin du bainan Mixelek dioenez “ez du bada ez bada atzerriko jendeak eragin emendatze hori. Izan da momentu bat non etortzen zen jendea Frantziakoa zen, Burdeosekoa… Orain halarik ere inguruko jendea etortzen da gehiago, Euskal Herrikoa”.
N-121-A errepidetik hurbil dauden herriak ere igo dira
Nafarroan azken hiru hamarkada horietan emendatu diren herri guztiak N-121-Atik hurbil dira. Bizilagunen kopuruaren aldetik azken 30 urteotan nabarmenki igo direnak Bera eta Doneztebe dira. Lehenak 466 lagun irabazi ditu eta bertzeak 453. Berako kasuan garatze hori esplika daiteke Irungo hurbiltasunarekin eta Alkaiaga-Zalaingo industria gunearen oparotasunarekin.
Kotoño Belarra doneztebarraren arabera, kokalekua izan da bere herriaren abantaila azken 30 urte horietan. “Doneztebe zerbitzuko herria da, ez du lanpostu askorik eskaintzen, industria guneak ondoko herrietan ditu, Legasan eta Lesakan. Bainan arrazoi nagusia da erdigunea dela Iruñea eta Gipuzkoa artean, aise sartzen da alde guzietatik”. Jende kopuruaren aldetik ttikiagoa bada ere ehunekoaren arabera azpimarratzekoa da Bertizaranaren haunditzea, %20,2 garatu baita, 116 herritar irabaziz.
Ttikitzeko joerari buelta eman eta handitzen hasi dira bederatzi herri
Azken hamarkada horietan mugimenduak behera egin badu leku anitzetan, mende berri hau hasiz geroztik, orain arte ttikitzen ari ziren herri batzuk berriz garatzen hasi dira. 2001eko zentsua kontuan hartuz, eskualdeko 9 herritan biztanleria emendatzen hasi da, Areson, Aranon, Lesakan, Etxalaren, Igantzin, Ituren, Zubietan, Baztanen eta Oitzen.
Igantziren kasuan Blanka Matxikote, herriko zinegotziaren ustez, ohitura aldaketa bat izan da. “Orain dela 30 urte, hemengoak zirenak ezkondu eta, gehienak, Lesakara edo Berara joaten ziren, pisua erosi eta harat bizitzera. Horietatik anitz itzuli dira. Pisu hura saldu dute eta Igantzin etxea egin. Azkeneko urteetan hagitz jende gutti atera da. Ezkondu eta gehien bat hemen bizitzen segitzen dute.”
Iñigo Iturralderentzat ere izan da ohitura aldaketa bat, bainan azken hunek lotzen du Iruñeko bidearen hobetzearekin. “Egunero Iruñera joaten denak tunelarekin irabazi du anitz, lehen Belate igo behar zelarik, negu partean elurrarekin nahiko problema izaten zen. Orain, obra horiei esker, jendea Iruñatik gan etorri ibiltzen da dexente”.
Herrieta itzultzeko joera somatzen da azken urteotan
Iñigo Iturralde eta Blanka Matxikote bat datoz azpimarratzerakoan azken 5 urteetan jendeek herrian egoteko edo itzultzeko ematen duten lehentasunarekin. Baztango zinegotziak dioenez “garai batean jendeak errex jotzen zuen hiriburuetara. Orain alderantzizkoa ari da pasatzen, jendeak badu bere lurrarekiko lotura, nahi du bertan gelditu eta aukera izanez geroz gelditzen ari da. Gainera, orain, Iruña aldetik jendea hunat etortzen da bizitzera bizi kalitatea hobea delakoz”.