Musika tresnak egiteko grina bizitzeko apostua bihurturik

Xan Harriague 2006ko aza. 24a, 09:47

Gitarra baten gibeleko aldea lantzen Ihalar auzoan lantegian. Xan Harriague

Xabi Luberriaga saratarrak biolinak eta kitarrak egiten ditu

Gure bizian denek dugun ametsa da lana eta grina lotzea. Bainan izigarri gutti dira suerte hori dutenak, aukera gutti delako, ausartzen ez garelako eta bizitzak arau batzuk pausatzen dituelako.
Xabi Luberriaga Saratar gaztea hastapenean ez zen horretara zuzendu, baina azkenean saltoa egin zuen, jakin gabe etorkizuna nolakoa izanen zen. Euskal Herrian musikalari anitz ditugu, baina instrumentu egile bakar batzuk baino ez, eta are gutiago harizkoak egiten dituztenak.
Ihalarko gazteak artisten mundu hori gustuko du, eta eskolan ikasi zuena baliatuz biolin egile izateko bide zailean buru belarri sartu zen.

22 urte zituelarik zurgintza, marketeria eta berniztaketa ikasi ondotik, ikastaro batean ezagutu zuen Patxi Atozki Iruñeko harizko instrumentuen egilea. Lehen harremana ona izan zen eta maisuak onartu zuen bere sekretuak ikasle gazteari ematea. Hortik goiti, saratar gazteak Nafarroako hiriburuan ikasi zuen hilabete saririk ukan gabe. Hala ere, eta laster ikasi zuelako, han egon zen bi urteetan Patxik gitarren konponketak eman zizkion eta horri esker diru pixka bat egin ahal izan zuen. Duela gutti, urte batzuk zalantzan egon ondotik, urratsa eman eta lanbide honetatik bizitzeko apustua egin du. Aitamen etxean duen lantegian orduak pasatzen ditu biolinak eta gitarrak egin edo konpontzen. Aski ongi daki hastapena zaila izanen dela eta bezeroak ez direla borrokatuko berak egindako instrumentu bat erosteko, baina erran digun bezala, “publiko hertsia da eta pixkanaka zure izena egiten duzu, musika eskoletan pasatu behar da, musikariek ere haien artean hitz egiten dute… Sekreturik ez da, lan ona egiten badut normalki ez nuke arazorik ukan behar. Uste dut merkatua badela eskualde huntan”.

Instrumentu baten egiten ordu aunitz eman behar dira, 5 hilabete inguru biolin batentzat eta 2 hilabete gitarra batentzat, eta zaila da horien saltzea. “Zuk egindako lana da eta ohar gabean lotzen zara. Beharbada harrotasun pixka bat bada ere. Nihaurek egin dudan lehen gitarra norbaitek manatua zen eta saldu behar izan nuen, baina hala ez balitz izan hemen egonen zen. Espero dut gero aisexago utziko ditudala, bizirauteko zerbait jan beharko dut”. Ihalar auzoko gazteak gitarrak eta biolinak egiten ditu, eta bere ustez arrunt ezberdinak dira biak. Biolinak egiteko arauak oso zehatzak dira eta soinu ederra ateratzeko beharrezkoa da horien errespetatzea. Gitarra egitean, aldiz, kreazioak leku gehiago du, eta baseak segituz geroz ukitu pertsonala ematen ahal zaio, izan tintan edo itxuran.

Halabaina, egitea interesgarriagoa bada ere, oso garrantzitsua da konpontzen jakitea ere. “Hor ikasten duzu bertzeek nola egiten duten eta, nahi izanez geroz, kopiatzen ahal dituzu”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun