Inguru huntan idortearen ondorioak ukan ditugu, bertze batzuetan bezain zakarra izan ez bada ere. Gure eguneroko bizimoduan ez badu eragin aunitzik, laborarien lanetan aldiz, gehiago ditu.
Aunitzi iduritzen zaigu idortea udako gertakaria dela. Egia da sasoi honetan dela gehien nabaritzen, baina urte osoko ondorioa baizik ez da. Gure eskualdean, Pirinio osoan bezala, duela 2 urte hasi zen, 2003ko udako bero ikaragarriekin. Geroztik, neguan euri gutti egin du eta lurrazpiko ur-erreserbak ez nahikoa bete. Ezin daiteke erran aurten bero zakar aunitz egin duenik, ekainean bospasei egun egin zituen, eta uztailean pare bat besterik ez. Bainan, lurra jadanik idorra izaki, idortea berehala nabari da. Kasu horietan, lurra harria bezala bilakatzen delarik, ekaitzetako euriek ez dute deustarako balio. Lurrak usaian egiten duen esponja lana ez du egiten eta ur gehiena berehala errekara doa. Horretarako idorte bati aurre egiteko euri anitz egin behar du, eta denbora luze batez, bederen bi astez.
Negurako gordea zen bazka ekain erdialdetik
Bitartean, azindak bazkatu behar dira. Usaian kanpoko bazka udazkenarekin murrizten bada, uda idorretan lehenago akabatzen da. Carmelo Berho Oronozko nekazariak erran digun bezala “ekain erdialdetik ez da gehiago bazkarik eta beraz badu bi hilabete neguan bezala gabiltzala”. Denok dakigu udaberrian eta udan direla neguko erreserbak egiten. Lehen belar idorrak sartu ahal izan bazituzten, urrisororik ez dituzte egin. Horrelako idorte batekin bazka gehienak ttikituak ziren usaian baino goizago.Udarako mendira eramaten dituzten aziendak, normalean irail hondarrean ekartzen badituzte ere, aurten abuztuaren hastapenan etxean zituzten. Orduan, animaliei ahal bezain kalte gutti egiteko, bazka erosi behar da edo negurako izan behar zuena ematen hasi, horretan ere uzta pobreagoa dela janinik. Idortearen bertze ondorioa: salerosketaren arauak kontutan hartuz, belar lehorraren prezioa igotzen da, sasoin hastapenean kiloa 0,05eurotan saltzen bazen, uda pasa hala 0,13eurora pasatu da. Carmelok dioen bezala “ekoizpen berdina atxiki nahi baduzu diru doblea gastatu behar duzu, bestenaz esne guttiago ematen dute”.
«Ume galtze aunitz izanen dira»
Nahiz eta neurri horiek hartu, azindetan ondorio batzuk agertzen dira. Behietan, adibidez aretxeen galtzearen kopurua ere emendatzen da. Oronozko nekazaria nahiko kezkatua zen gai horrekin. “Umatzeak ez badira hasi ere, segur naiz ume galtze aunitz izanen direla eta gure irabaziak berriz ere murriztuko dira”. Bazka faltak errapeko-mina ere eragiten ahal du, bainan Carmeloren ustez “hain idorra da non eta eritasun horren kasu gutti aditzen da, horrek garatzeko ura behar du edo bederen hezetasuna”.
Dirulaguntza eskaria
Idorteak eragiten dituen gastuei aurre egiteko, EHNE eta UAGN laborarien sindikatuek, ekainaren 20an diru laguntza batzuen emateko onartua izan zen Errege Dekretuaren zerrendan, Nafarroa ere sartzea eskatu dute. Horri esker, jadanik gazteetan arreta gutti deitzen duen lanbideari, diru galtzeak ttikituko litzaizkioke.