Txertuak eta xixarien kontrako botikak, lehen hilabeteetan eman behar dira

Xan Harriague 2006ko aza. 24a, 09:42

Julio Salinas albaitaria Beran duen klinikan. Xan Harriague

Txertuak eta xixarien kontrako botikak, lehen hilabeteetan eman behar dira

Zakurra erosi edo eskuratzea ez da lan zaila, eta saltoki batean edo ondoko baserrian aurkitzen ahal da. Beharbada lehen zakurrari ez zitzaion kasu handirik egiten. Orain, jendea gehiago lotzen da animaliari, eta erran gabe doa ttiki-ttikitatik jabeak segurtasunak hartzen dituela laguna ez eritzeko. Istripu kasuetan ere , zalantzarik gabe ordaintzen dira ebakuntzaren gastuak.

Zakur txikia erosiz gero, lehendabiziko egin beharra xixarien kontrako botika ematea da. Jakin behar da xixare klase batzuk amaren tripan biltzen dituztela, beraz 20 edo 30 egun dituztelarik tratamendua hasi behar da. Hilabete eta erdi dutelarik mukieri eta parbobirosiaren kontrako txertoak egin behar dira. Horiek egin aitzin segurtatu behar da zakurrak ez duela barneko parasitorik, azken horiek animaliaren osasunerako txarrak izateaz gain, txertoaren eraginkortasuna desegiten ahal baitute. Hogei egunen buruan oroitzapen dosiak eman behar dira. Inguru hauetan holako eritasunik ez bada ere, 4 hilabete inguru dituztelarik errabiaren txertoa eman behar zaie. Horiek egin eta pentsa liteke bizi guzirako salbu direla, bainan ez da hala. Mukieriaren kasuan aholkatzen da urte guziz berritzea eta errabiaren kasuan bi urte guziz.

Janariaren aldetik hilabetea edo hilabete eta erdi bete arte amarekin utzi behar dira. Kume anitz baldin badira eta emeak esne aski ez baldin badu, orduan hautsezkoa eros daiteke. 30 egun dituztenean, zaldalean hasten ahal dira. Lehenago etxeko hondarrak ematen baziren, gaur egun janari mota anitz proposatuak dira, bai arrazaren arabera baita adina edo pisuaren aldetik ere. Julio Salinasek Berako albaitariak aholkatzen du ttikiak direlarik egunean hirutanbazkatzea, goiz, eguerdiz eta arratsez. Lauzpabost hilabete dituztenean bi aldiz, eta hazkundea bukatu dutenean, hala nola gutti gora behera zakur ttikientzat 6 hilabete dituztelarik eta handientzat 12, orduan egunean behin ematea aski zaie.

ihizian hasi baino lehen lasterka ibiltzeko ohitura hartu behar dute

Ihiziko zakurrei dagokionez aholkatzen da sasoia aitzin, denbora luze batean preso edo ariketarik egin gabe egon badira, ateraldi batzuen egitea. Ihizia hasi aitzin lasterka ibiltzeko usaia berriz hartu behar dute, bereziki erbian edo basurdean aritzen direnak, oraindik uda delako hasten direlarik.

Istripuak gertatzen direnean, tiroz edo basurdearekin borrokan aritu eta gero, anitzetan odol- hustea da heriotzen kausa nagusia, albaitariak erran zigunez: “Ihiziarekin gatazkan aritu ondotik, zauriak ez dira beharbada sakonak, bainan beti mendian gertatzen dira, eta albaitaritik urrun. Anitzetan ailegatzen zaizkigun zakurrak egoera larrian dira, odol gutti gelditzen zaielako. Holakoetan aholkatzen dut istripuak gertatzen direlarik, odol-isurtzea ahal bezain bat murriztea”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun