Uda pasatu eta ehizi kontuak ahoz-aho dabiltza dagoenekoz ehiztarien artean. Egunak laburtzen hasiak dira eta uso-ehiztariei hain atsegina zaien hegohaizerik ez den egunetan, tenperaturak frexkatu dira nabarmen.
Hala, eskopeta eta ihiztariaren trebezia garrantzitsuak baldin bada, zakurraren lana ezinbestekoa da, bai bederen basurde, basahuntz, azeri, erbi edo oilagor ehizian. Batzuk pentsatuko dute zakurra ehiztaria dela sortzez, eta arrazoia dute, baina zakur ona ateratzeko hezi egin behar da, ordu anitz pasatu berekin eta pazientziarekin, zer egin behar duen eta zer ez erakutsi.
Ehizira joan aitzinetik eta heziketa hasi baino lehen, zakurra hautatu behar da. Hilabetea eskas dutelarik jabearen etxera bisita egiten da, eta orduan, ezaugarri batzuen arabera hautatu, aukera gelditzen bada bederen. Horri buruz gehiago jakiteko Xabi Fagoaga beratar gaztearekin hitz egin genuen eta hunek erran zigun hautaketa egiteko tenorean bakoitzak bazituela bere manerak, “helduek diote txarrena edo ttikiena hartu behar dela beti, bizitzan aurrera egiteko lan gehien egin beharko duena baita, eta beraz langileena aterako dena”. Batzuk berriz itxurari garrantzia gehiago emanen diote eta orduan koloreari, belarri handiak, zango azkarrak edo buztan luzea duen begiratuko dute. Jarrera ere, kontuan har daiteke, haurrideekin zein den erneena, zein den zakarrena. Santi Ibarra, Zigako ehiztariak aipatu zigun lumako zakurrak hautatzeko trukua, “oilagor luma batekin jostatzen zara beraiekin, eta, kasu egiten duzu zeini deitzen dio arreta gehien. Behar bada ez du deus ikustekorik heldua delarik bainan hor ikusten duzu zein den biziena”.
Odoleko zakurren prezioa 600 eurora ailegatzen da
Hautatzeko momentuan maiz proba bat egiten dela aipatu digu Xabik, “esku zartak egin eta baten bat kexatzen edo izitzen baldin bada, baliteke handitzean tiroaren beldurra ukaitea, orduan hobe da urduri jartzen dena baztertzea”.
Diru gehiago gastatzea prest direnentzat, odolekoa eros daiteke bainan hemengo ihiziko zakurrek 100 euro inguru balio baldin badute, nortasun kartak dituzten kumeak errezki 500 edo 600 eurotara ailegatzen ahal dira. Hala ere, prezio hori ordainduz gero garantiak ematen dira. Ez bada ihizian hasten, txarra baldin bada edo hiltzen bada, itzultzen ahal da eta bertze bat aukeratu edo dirua berreskuratu. Gai horri buruz Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko kideak gaineratu zigunez, “anitzetan sasikoak dira zakur hoberenak ateratzen, horrek argi erakusten du hautaketak garrantzia badu ere, zakur ona aterako da ongi hezten baduzu eta horretan ere bakoitzak du bere egiteko manera”. Heziketan, kontuan hartu behar da, zakurraren espezialitatea, lumako edo erbiko zakurrak ez dira berdin heziko.
Xabik basurde ihiziko zakurrak ditu, eta mailakako heziketa egiten du “gazte-gaztean denean lapinan. Hor ikusten da nola ibiltzen den, zer erreakzio dituen, gero erbian eta gero basurdean. Baina azken huntan ez da goizegi eman behar, bestenaz ikaratzen ahal dira eta gero ez zaitu gehiago lanik egiten”. Beratarrak zakur onak nahi ditu, baina garrantzia ematen dio zakurraren autonomiari “Nahiz eta zakur bat baino gehiago erabili, entseatzen naiz zakurrak ahal bezain independenteak izan daitezen. Bestenaz, baten gainean pausatzen bada, hari zerbait gertatzen bazaio edo faltatzen bada, orduan galdua gelditzen da. Bertze zakurrarekin aski ona izaten ahal zen eta bakarrik ez du deusetarako balioko. Orduan entseatu behar da holakorik ez gertatzea. Zakur guziek ikasi behar dute lan guzien eramaten. Hori ez baduzu egiten ez zara ez zakur baten faltan egoten, biren faltan baizik”.
Lumako zakurren heztea ez da batere berdina, galdetuko zaie gelditzea eta ekartzea.Instintua izanta ere, landu egin behar dira. Santik hastapen batean pilota batekin jostatzen da, ekartzearen lehen arauak erakusten dizkio, eta denbora berean zakurra bere izenari usatzen da. Ondotik ihiziarekin lehen kontaktua eginarazten diote. “Galeperra erosten dugu abeletxean eta zangotik loturik ibilbide bat eginarazten diogu arrastuaren uzteko. Gero, zakur ttikia ematen dugu arrastoan eta ikusten dugu harrapatzen ote duen”. Zigako gazteak erran digu garrantzi handia duela zakurraren eskertzea gauza bat ongi egiten duenean: “Galdetzen zaien bi gauzak, gelditzea eta ekartzea, ongi egiten dutenean erakutsi egin behar zaie hori dela haien egin beharra”.
Zakurra ona den jakiteko aholkuak
Jakiteko zakur ona den ala ez, Xabik zera entzun die bera baino zaharragoei: “zakurrak urtero hanka bat egiten du eta beraz heldutasunera ailegatuko da 4 urteren buruan edo 5, buztana kontatzen bada. Adin horretan ez bada behar den bezala aritzen, hortik goiti ez da hobetuko”.
Heziketa aipatzen dugunean denek ulertzen badugu ihiziaren aurkitzea, egin behar ez diren gauzen erakustea ere horretan sartzen da. Eskualdean ardi anitz izanki, zakur gazteak errezki hasten dira ondotik. Gaur egun hori ez da arazoa, argi indar kolpeak ematen dituzten kolierekin, urrun bada ere gelditzen ahal da. Lehenagokoek manera bortitzagoak erabiltzen zituzten, arditegi batean lotu eta ahari edo bildotsak dituen ardiekin utziz. Orduan harroaldi bat ematen zioten. Bertze batzuk berriz zaku batean ematen zuten axuri hila batekin eta makilarekin jotzen zuten.
Lehenago ez zen denbora anitz pasatzen zakurrekin, salbu ihizian, baina orain lehen baino anitzez gehiago mimatzen dira. Garaian ez zen sos bat gastatzen heien bazkatzeko. Gaur egun zaldari bereziak erosten dira, gazteak edo helduak direlarik, ariketa anitz egin behar dutelarik, kasu bakoitzak badu bere janaria. Xanti Fagoagak egunero bi ordu pasatzen ditu zakurrekin, bazkatzen, garbitzen, orrazten edo jostatzen. Bere ustez bien arteko harreman ona beharrezkoa da: “Utzi behar zaizkio dituen maniak eta jokaerak, baina beti ere zuri errespetatuz. Zakurrak zu gabe ez du deus eginen, ezta zuk ere zakurrik gabe. Ekipoa da. Berak nahi duena egiten badu salduta zaude, eta berdin alderantziz”. Zigako gazteak ere egunero ordu eta erdiz ibiltzen duela zakurra erran digu. “Hagitz txarra da 3 hilabetez anitz ibiltzea eta gainerakoan ariketarik egin gabe uztea”.
Istripu batean zakurra hiltzen denean
Xabi Fagoagak gustukoa du zakurren zaintzea baina aitortu zigun basurde ihiziak alde txarrak badituela, eta ez dela beti ongi pasatzen. Istripuak urtero gertatzen dira. “Zakur bat hiltzen zaizularik hagitz gaizki pasatzen duzu, ordu asko pasatu dituzulako, ona bazen beti pentsatzen duzu holako bertzerik ez duzula sekulan ukanen. Anitzean pentsatzen duzu utzi behar duzula, baina azkenean, afizioak gaina hartzen du”.