Mikel Iraola, 18 urteko pilotari almandoztarrak, 2004-05 denboraldi bikaina egin du gazte mailan. Lau terdiaren barreneko Guillermo Mazo Memoriala irabazi zuen, finalean Jon Apezetxea goizuetarrari 18-11 irabazita. Nafarroako eskuz banakako txapelketan ere txapeldun izan zen, finalean Irurtzungo Diaz de Ultzurruneri 18 eta 6 irabaz ondotik. Espainiako txapeldun ere izan da buruz buru, Logroñoko Adarragan jokatutako finalean, Errioxako Martinez-i 18-9 irabazita. GRAVN txapelketako buruz buruko finalean, aldiz, 18 eta 22 galdu zuen Zabala bizkaitarraren kontra. Lau terdiaren barreneko Sartagudako txapelketa iaz eta aurten irabazi du. Aurtengo finala, Mendinueta altsasuarrari 22 eta 17 irabazi zion.
2004an DV txapelketan finalerdian Ibarrarekin galdu zuen Urdaniz eta Ultzurrunen kontra eta aurten Iban Azanzarekin arituko da. Logroñoko El Cortijo txapelketan, lau terdiko finala galdu zuen iaz Azagirreren kontra, 19 eta 22. Aurten, berriz, finalerdietan galdu du Uriarteren kontra, 18 eta 22.
Azkeneko urte terdian Larrabideko Teknifikazio Zentroan ari da Mikel Iraola, Erreka elkarteko pilotaria.