Gazte Burrunba taldeak bigarren urtez antolatuko ditu Doneztebeko besta ttikiak. Aurten, aste hondar honetan, irailaren 23tik 25era izanen dira, ortziraletik igandera. Hau idazterakoan, oraindik egitaraua erabat zehaztu gabe bazegoen ere, ortziral arratseko 20:00etan botako da altxaferoa Santa Luzia plazan. Parte hartzen dutenentzat pintxoak eta poteak izanen dira, eta zopak ere banatuko dira Santamaria jatetxean. Gauerdiko 1:00etan Trikidantza taldearekin dantzaldia izanen da.
Larunbat goizean, lehen aldiz paella lehiaketa eginen da plaza berean 11:00etan. Paella horiek janen dira herri bazkarian eta Agerralde akordiolaria arituko da bazkalondoa girotzen. Arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da Nexorekin. Bertze ekitaldiak antolatzeko asmotan dabil Gazte Burrunba eta arratsean musika izanen da. Igande goizean mus eta partxis txapelketa jokatuko dira. Arratsaldean berriz, haurrendakoa jokoak eta txokolatea izanen dira. Horretaz gain, Erreka elkarteak bigarren urtez antolatutako koadrillen arteko futbito txapelketaren eta frontenis txapelketa mistoaren finalak jokatuko dira.