Bertze aunitzentzako bezala, herriko ttikienentzako ere irail hasieran akabatu ziren oporrak. Udako jostetak utzi eta liburu tartera bueltatu ziren joan den irailaren 8an.
Baziren urte batzuk ez zela hain ikasle-koadrila handia sartzen Landagain eskolan. Aurten bederatzi izan dira ikasturte berria hasi duten hiru urteko haurrak. Hauexek dira: Xabier Iparragirre, Axularkoa; Leire Iribarren, Matisenekoa; Olaia Iturria, Larregikoa; Uxue Iturria, Arburukoa; Pablo Leza, Baratzenekoa; Maria Martin, Ura-mendikoa; Andoni Otxoteko, Bidaburukoa; Xabier Telletxea, Eguzkitzakoa; eta Uxue Telletxea, Aranberakoa.
Irakasleen artean ere aurpegi berri franko daude. Junkal Altzuguren eta Joxe Mari Remiro dira joan den urtetik segitzen duten irakasle fijo bakarrak. Gainerakoak berriak dira. Haur hezkuntzan, Mari Jose Gamioren ordez, Olatz Arriola izanen da irakasle. Aintzane Ollokiegi hirugarren zikloko irakaslearen ordez berriz, Maria Gonzalez egonen da eguberriak bitartean. Zuzendaria ere berria izanen da, Joxe Mari Remiro beratarra.