Irailaren 9an egin zen Elizondoko Lur dantzalekuan Bidasoaldeko Film Laburren Zinemaldiaren sari-banaketa. Bertiz Partzuergo Turistikoak zortzigarren aldiz antolatu du zinemaldi hau, udaletxe eta eskualdeko laguntzaileekin batera. Abuztuaren 22an hasi eta irailaren 9a bitartean Beran, Donezteben, Elizondon eta Hendaian egin dira zinemaldiaren emanaldiak.
Saridunei dagokienez, «La ruta natural» pelikula izan zen irabazlea, Alex Pastor zuzendari katalanarena. Ez zen sari-banaketan egon baina beretzako izan ziren Urrezko Iratzea eta 3.000 euroko diru-saria. Zilarrezko Iratzea eta 1.500 euroko diru-saria Francesc Talaverak zuzendutako «Retruc» laburmetraiarentzako izan ziren. Gai naturalistak edota giza baloreak hobekien jorratzen dituen filmari ematen zaion Brontzezko Iratzea eta 1.000 euroko saria Koldo Almandozen «Amuak» laburmetraiarentzako izan zen. Animaziozko lan hoberenaren saria, 1.000 euro eta Brontzezko Iratzea, Juan Pablo Etcheverryk zuzendutako «Minotauromaquia, Pablo en el laberinto» laburmetraiak irabazi zituen. Akitania, Euskal Autonomi Erkidegoa, Nafarroa edo bertako egile batek egindako film hoberenarentzako saria, hau ere 1.000 euro eta Brontzezko Iratzearekin, Iñaki Martikorenarentzat izan zen, «La luz de la primera estrella» lanarengatik. Aktore hoberenaren saria Alterio familiakoek eraman zuten, Héctor, Malena eta Ernesto Alteriok. Pentsatzekoa zen bezala, ez ziren Lur-en izan. Akautzeko, bertze bi brontzezko iratze banatu ziren, diru-saririk gabekoak. Lehenbizikoa ikusleen saria, Enrique Gatok zuzendutako «Tadeo Jones» laburmetraiarentzako. Bigarrena argazki hoberenari saria, Iñaki Martikorenaren «La luz de la primera estrella» pelikularentzat.