Eskualdeko haurtzaindegiek eskaintzen dituzten leku gehienak bete dira. Izan ere, Baztan, Bera, Senpere eta Leitzako haurtzaindegietan eskaintzen diren lekuen %91,7a okupatuak dira.
Leitzan, 40 haur dira eta 2 toki gelditzen zaizkie. Beran 51dira eta 59ko muga dute. Senperen izena eman dutenak 120 dira, baina egunero 36 baizik ez dituzte hartzen. Lan egiteko modua ezberdina da. Haurrak ez du egunero joan beharrik. Aldiz, joatekotan delarik lekua erreserbatu behar dute gurasoek. Azkenik Baztanen, momentuz 50 haur dituzte eta bertze 6 toki libre gelditzen dira.
Haurtzaindegirik beteranoenak Leitzakoa eta Elizondokoa dira, duela 18 eta 15 urte hasi baitziren euren zerbitzua eskaintzen. Hasieran arrakasta ona izan zuten, eta berrikiago, duela bospasei urte, kopuruen aldetik gaizki ibili ziren. Baztanen zuzendaria den Kristina Goñik erran digun bezala «haur guti genuelako ixtekotan egon ginen, bainan azken urteotan berriz eskaera izugarri igo da. Gaur egun boom-a somatzen dugu». Arrakasta horren froga ditugu, Senperekoa eta Berakoak. Duela urte batzuk ireki dira, baina berehala bezeroak aurkitu dituzte.
Naiara Arbelaitz Berako haurtzaindegiko zuzendariaren arabera, «gurasoen tartean aunitz dira biek lan egiten dutenak, eta horregatik eskertzen dute gure laguntza. Baina bertze batzuen kasuan, haurraren garapenean izaten ahal dugun garrantziaz ohartu dira. Etxean, haur ttikia maiz arreta guzien erdigunea da eta nahi duena egin dezake. Hemen berriz bertze ingurumen batean da. Ez da gehiago bakarra». Leitzako hezitzailea den Karmele Lazkanok azpimarratu nahi izan digu ikuspuntu pedagogikoa, «urte horietan oso aberatsa da gaztearentzat erreferentzia asko izatea, bai gurasoak edo tutoreak, baita familiatik kanpo dauden bertze pertsona batzuk ere, hezitzailea edo adin bereko lagunak. Sozializazio fase hori garrantzitsua da haurraren etorkizunerako».
Bi aste eta erdietatik hiru urte arte
Aipatutako herrietan, azpiegiturak eta egoerak ezberdinak direlako, eskaintzen diren zerbitzuak eta onarpenerako ezaugarriak aldatzen dira. Senperen dira haur gazteenak hartzen, bi aste eta erditik goiti. Beran, legeak dioen bezala, 16 astez goitikoan hartzen dituzte. Elizondon, berriz, haurrak 9 hilabete behar ditu. Azkenik, Leitzan, oinez ibili behar du edo urtea egina izan behar du. Senpereko, Baztango eta Bortzirietako haurtzaindegian bazkariak ematen dituzte. Leitzan, aldiz, gutti batzuk eskatu zutelako aurten ez dira ematen. Senperen 11 orduko haurtzaindegia da. Elizondon eta Beran 8koa, eta Leitzakoak, berriz, 6 ordu eskaintzen ditu.
Eskaintzen dituzten bermeak
Haurtzaindegiak edo behar bada aitzin eskolak, lantzen dituzten gaiak bizitzarako oinarriak dira. Adin ttikietakoak izanik askoz gehiago babestuak izan behar dute. Segurtasunagatik ere, haurren kopuruaren mugak jarriak dira. Leitzan, adibide bezala hartzeko, Karmelek azaldu zigun 40ko taldea hirutan banatua dela. Urtea eta urte eta erdi artekoak 12 dira eta talde bat osatzen dute bi hezitzaileekin, laguntza gehien behar dutenak baitira. 18 eta 24 hilabete dituzten 12 haurrak berriz, bertze hezitzaile batekin dira. Azkenik, helduenak, 2 urtekoak, laugarren hezitzaile batekin. Bertze herrietan antolamendua berdintsua izaten da.
Hezkuntza sisteman sartuak ez badira ere, hezitzaile guziek irakasle baten maila dute. Ardurak dituztenak, denek dute haur hezkuntzan diplomatura edo psikologia edo pedagogian lizentziatura. Hizkuntzari dagokionez EGA ere galdetzen zaie. Beraz, haur ttikia bertze batzuen esku uztea ez bada erraz, jakin behar da profesionalak direla eta maila ona eskatzen zaiela.
Finantzaketaren aldetik, haurtzaindegiko gastu gehienak Nafarroako Gobernuak ordaintzen ditu. Kristina Goñik erran zigunez, «Baztanen, %55a Nafarroako Gobernuak ordaintzen du. Udalak %25a jartzen du eta gainerako %20a gurasoen esku gelditzen da».