2007-2013 landa garapenerako planak 515 milioi euroko aurrekontua izanen du

Xan Harriague 2006ko aza. 23a, 14:29

Europatik heldu diren laguntzak murriztu badira ere, aurrekontua azken planean baino handiago izanen da

Asteazkenean aurkeztu zuten 2007 eta 2013 urteen arteko Nafarroako landa garapenerako programa. 515 milioi euroko aurrekontua izanen du, 110 milioi Europatik etorriko direnak eta bertze 405 milioi Nafarroako aurrekontu orokorretik. Azkeneko 7 urteko planean, hala nola 2000. urtetik 2006era indarrean zegoen horretan, aurrekontua 350 milioikoa zen Nafarroako Gobernuak eta Europak erdizka finantzatzen zutenean. Programa berri honekin, orain arteko norabideak segitzeko asmoa dute, lehiakortasuna bermatu, ingurumena zaindu, eta dibertsifikazioa eta bizi kalitate onaren alde egin.

Lehiakortasuna bermatzeko 375 milioi euro zuzenduko dira, batez ere nekazari gazteak laguntzeko eta ustiapen berriak sortzeko. Azken kasu horretan, laguntza 65.000 eurora ailegatzen ahalko da. Gisa berean, diruz lagunduko dira, erretiro aitzinatuak, ustiapenen aholkularitza zerbitzuak, eraberritzeak, oihanen zaintzea eta balio erantsiak ateratzeko ekimenak. Ingurumenaren zaintzari dagokionez, oihanen iraupeneko kudeaketa eta nekazaritzako lurrak zuhaitzekin landatzeko bertze 101 milioi euro zuzenduko dira. Gelditzen den dirua nekazaritzari lotuak ez diren landa eremuetako jardunaldiak dibertsifikatzeko erabiliko da.

Azpimarratu behar da, Europatik etortzen den diru laguntza ttikiagoa bada, denbora berean Madrileko Nekazaritza Ministerioak Nafarroari zuzendutako dirulaguntza horien ehunekoa ere ttikitu duela. Aitzineko 7 urteko planean, Madrilek Europatik 9.000 milioi eskuratu bazituen horien %2 Nafarroara zuzendu zituen. Hurrengo planerako berriz 7.200 milioi euro eskuratu ditu eta %1.5 baizik ez ditu Nafarroako Gobernuari eman.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun