Jaione Olazabal, Amanda eta Uxue eta Berako Taldea Nafarroako Euskal Kantu Txapelketan garaile

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 23a

Berako taldeari esker, taldekako lehen saria gure eskualdera etorri zen

Pasa den larunbatean Lekunberriko 31 aretoan, Euskal Kantu Txapelketaren bukaera saioa ospatu zen. Finalera ailegatu baino lehen, parte hartzaileek kanporaketa batetik pasatu behar izan zuten. Lehena Tafallan jokatu zen azaroaren 4ean eta bigarrena berriz, Elizondoko Lur dantzalekuan azaroaren 11an. Finalerdi horietatik epaileek 19 bakarlari, bikote edo talde hautatu zituzten larunbateko finalean parte hartzeko.

Larunbateko saioan, giro eta maila aparta izan ziren, eta 500 bat lagun bertaratu ziren kantuez gozatzera. Lehen bi kanporaketetan, Mikel Juaniz, Amaia Dominguez eta Ainhoa Sanz aritu ziren epai mahaian, baina finalerako Iziar Irigoienek Amaia Domingez ordezkatu zuen. Ez zuten lan erraza izan, baina azkenean erabakiak hartu behar izan zituzten. Horiek horrela, Jaione Olazabal aresoarra suertatu zen irabazle bakarlari moduan, “Zuri kantari” kantuarekin. Bigarren, Tuterako Saioa Crespo izan zen “Gogo eta Zilbor hesteak” abestiarekin. Bikoteka, Tafallako Amanda eta Uxue suertatu ziren garaile “Behin Batean Loiolan”ekin. Bigarrenak Aurizberriko Ainara Villanueva eta Edurne Errea izan ziren, “Aurrera begira” kantuarekin. Talde onenaren txapela eskualdera etorri zen Berako taldeari esker “Zurea da” kantuarekin. Orbaizetako Ahotsak bigarren gelditu ziren “Zarena zarelako” azken aldian anitz entzuten den kantuarekin.

Urtero epai-mahaiak sari bereziak banatzen ditu, eta aurten ere hala izan da. Entzuleriaren saria Lekunberriko Gabari taldeak eraman zuen “Bide eginez” kantuarekin. Sormenaren saria ere haientzat izan zen. Indarraren saria Lur eta Amets Larraza etxarriarrek irabazi zuten “Non zaude” kantua eskainiz. Kutsu pertsonaleko saria Gartxot taldeari eman zioten “Kopla zaharrak orainari” kantuarengatik. Azken sari berezia, estiloarena, Tafallako Azoka taldeak eraman zuen “Mendian gora aritza” kantarekin. Bukaera saioaren ondotik, kantariek afaria izan zuten, eta gau partean bertze saiotxo bat ospatu zuten umore ederrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun