Hilabete honen hasieraz geroztik Neguko Bide-zaintza Plana indarrean dago

Xan Harriague 2006ko azaroaren 22a

Joan den urtean baino 100 lagun eta 9 elur-kentzeko makina gehiago arituko dira aurtengo planean

Herri lan, garraio eta komunikabideen saila urtero eramaten duen Neguko Bide-zaintza Plana hilabete hasieran sartu zen indarrean eta apirila bukaera arte iraunen du. Honekin, neguak ekartzen dituen elurteen eta izotzen eraginak ttikitu nahi dituzte. Nafarroa osoan lan horretan 330 lagun arituko dira 158 ibilgailu eta 76 elur-kentzeko makinen laguntzarekin. Horrez gain, 37 silo eta 13 gatz biltegi izanen dituzte haien esku.

Joan den urteko azpiegiturari konparatuz, aurtengoa osatuagoa izanen da, hala nola, 100 bat langile, 9 elur-kentzeko makina eta gatz gehiago. Errepideko erabiltzaileei informazioa emateko berriz 11 seinaleztatzeko panel aldakorrak izanen dituzte. Gatzari dagokionez, beti ere eraginkorragoa izaten da eguraldi txarra baino lehen hedatzea. Hori dela eta, iragarpenen berri izateko planaren barnean sartzen dira lau meteologia-behatoki, bi A-15 autobian daudenak eta bertze biak Almandoz eta Belateko tunelen ondoan daudenak. Hauek tenperatura eta eguraldiaren berri emateaz gain, aurreko neurriak hartzerakoan garrantzitsuak izan daitezken errepidearen zolaren tenperaturak ere neurtzen dituzte.

Eguraldi kaskarra bada eta autoa hartu behar baduzue errepideen egoera jakiteko www.navarra.es web gunea kontsultatu dezakezue edo bestenaz 900-400-100 dohaineko telefonora deitu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun