Berako eta Lesakako udal langileek maiatzaren 25eko hauteskundetan Gobernu Ordezkaritzak izan duen jarrera salatu dute idatzi batean, «larritasun berezia duen gertakaria delako». Normalean, hauteskunde mahai bakoitzean Administrazioaren ordezkari bat aritzen da lanean, Gobernuko Ordezkaritzak izendatua, dagokion udalak proposatua. Baina honetan, eta aitzineko hauteskunde deialdi guzietan gertatu ez bezala, Ordezkaritzak berak zuzenean izendatu ditu 70 lagun inguru, udal erakundeek proposatu zituztenak ordezkatzeko.
Horrela, Bera eta Lesakan, udalek proposatutako funtzionario bana kendu zuten eta udal langileen ustez, ordezkapen hauek ez dira zoriaren ondorio izan: «Gehiago erranen genuke, komunikabideetan argitaratu dena eta lortu dugun informazioaren arabera, egiaztatu ahal izan dugu Nafarroako iparraldean eta erdialdean afektatuak izan diren pertsona gehienek zerikusia dutela ilegalizatutako AuBrekin edo euskal nazionalismoarekin zerikusia duten bertze talde legalekin. Gure kasuan, ELAko ordezkari sindikalak dira, 20 urte baino gehiagoko aintzinatasunarekin».
Idatzia sinatzen duten Berako 12 eta Lesakako 7 udal langileen ustez, «funtzionari hauen irudia larriki kaltetua izan da, alegaziorik edo errekurtsorik aurkezteko aukerarik izan gabe, eta pertsona hauek, nolabait, estigmatizatuak gelditu dira». Onartezina iruditzen zaie demokrazia batean funtzionarioen aukera politikoei buruzko datuak biltzea: «Hori Konstituzioak onartutako askatasun ideologikoa eta elkartzeko eskubideen kontra doaie».