Eskerrik asko!!

Utzitako argazkiak 2006ko azaroaren 21a

Nafarroako Trikitixa Elkartea osatzen dugunok, honakoa adierazi nahi dugu: Lehenik eta behin, eta Euskal Herriko Trikitixa Egunaren balorazio orokor bat eginez, pozik egoteko arrazoiak baditugu. Izan ere, Euskal Herriko Trikitixa Eguna Nafarroan antolatzeko erronka ez da nolanahikoa. Atzean gelditzen dira azken lau hilabetetako bilera eta eginbeharrak, ilusioz abian jarritako erronkak eman du berea.

Lehenengo aldiz ospatu dugu Nafarroan nazio mailako trikitixa festa; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroako trikitizaleen festa egin berri dugu Sakanan, eta horixe da lehenik harro egoteko arrazoia. Eskerrak beraz, Euskal Herri osoko trikitixa eskolei, honelako egun batean haien parte hartzea ziurtatzeagatik. Benetan eskerrik asko.

Ez hori bakarrik. Eskerrak Sakanari ere, Ziorditik hasi eta Irurtzuneraino, udal, lantegi, denda, taberna eta hainbatek emandako laguntzagatik. Baina bereziki norbait aipatzekotan, Sakanako gurasoak dira gure esker ona merezi dutenak. Aurreko egunetan eta egunean bertan egindako lanak ez duelako gutxiago merezi eta egun hau aurrera ateratzeko beharrezkoa izan delako haien laguntza. Eskerrik asko.

Aurtengo Euskal Herriko Trikitixa Egunak hala ere, izan du bere alde iluna. Egunaren bezperan eta egunean bertan Etxarriko sarreretan ezarritako kontrol polizialak hain zuzen ere. Ez da harritzeko; Sakandarrak «ohitzen» ere hasiak baitaude honelako jazarpenetara. Baina Nafarroako Trikitixa Elkartetik gure haserrea adierazi nahi dugu horren inguruan. Ikusten denez Trikitixa Egun batek ere sumintzen ditu!

Gorabeherak tarteko, aurrera atera dugu eguna, zailtasunak zailtasun. Hutsegiteak ere eginen genituen noski, baina tira, ongi egindakoa gorde eta gaizki egindakoa ere bai, hurrengo batean ongi egin ahal izateko.

Aurrerantzean Nafarroako Trikitixa Elkarteak lanean segitzeko asmoa du; Trikitixa eta panderoak guztion gozamen bide izaten segi dezaten, herriko festa, jaialdi eta bestelakoen parte, alaitasun doinu eta nortasun baten parte izaten jarraitzeko. Nortasun eta kulturaren parte izaten jarrai dezaten, altza eta dantza! Eskerriko asko Sakana, Eskerrik asko Euskal Herria!

Mikel MUNDIÑANO LARRAZA (Nafarroako Trikitixa Elkartearen izenean)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun