Berria izanen du izena, eta zabaltasuna eta independentzia oinarri nagusi. Egunkari berria argitaratuko duen enpresako Administrazio Kontseilu berriak «egunkari berriaren independentzia eta zabaltasuna bermatzeko» konpromisoa hartu zuen ekainaren 7an Andoainen egindako agerraldian.
Joxean Lizarribar enpresagizona izango da Euskarazko Komunikazio Taldea SAko Admininistrazio Kontseiluko lehendakaria. Joanmari Larrarte -idazkaria-, Xabier Kintana, Adolfo Arejita, Pello Zabala, Joxemari Sors, Patxi Noblia, Ane Agirregomezkorta eta Iñaki Dorronsorok osatuko dute kontseilua. Hauen artetik, Lizarribar, Sors eta Noblia Egunkariako Administrazio Kontseiluko kide izanak dira. Guztira 11 kide izango ditu Kontseiluak, ekainaren 7an aurkeztutako bederatziez gain langileek bi ordezkari izango baitituzte. Berria izenaren aukeraketari buruz, berria hitza bi adieratan egokia delako aukeratu dutela azaldu zuen Lizarribarrek: «Berritasuna adierazten du, eta albistea ere esan nahi du». Kapital gehitzea bide onetik doala azaldu zuen Joanmari Larrartek: dagoeneko milioi bat euro bildu da, kapital gehitze osoaren % 20 beraz. «Balorazio ona egiten dugu, baina parte hartu nahi duten guztiei dei egiten diegu akzioak lehenbailehen har ditzaten, kapital horren beharra baitugu proiektu berria sendo abia dadin».
Euskaldunon Egunkariaren oinordekoa izanen da «Berria»
Jakina, Otsailaren 20an indarrez itxiarazi zuten Egunkariak utzitako hutsunea betetzera dator «Berria». 1990ean argia ikusi eta hamahiru urtez euskarazko informazio egunero eman du Euskaldunon Egunkariak. Hasieran zuri-beltzean eta 32 orrialdetan, pixkanaka kolorea sartu eta orri kopurua handitzen joan zen. Edizio elektronikoa ere osatua zuen.
Urtetan Egunkarian eta azken hilabeteotan Eguneron eta proiektu berrian buru belarri aritu den Edurne Elizondo kazetari beratarrak aipatu digunez, «guk denok argi dugu Egunkariaren oinordekoak garela, lan talde bera gara, gure historian Egunkaria dago. Langile gehienok hainbat urte eman ditugu Egunkarian eta argi dago horrek eragina izanen duela, hori nabarituko dela. Halere, izenak erraten duen bezala, orain produktu berria aterako dugu, egunkari berria izanen da. Diseinu aldetik nabarituko dira ezberdintasunak: egunkari erakargarria izanen da, garbia, zuzena… Xinplea da, ez du hornidura handirik izanen, gaur egungo ildoei segituz. Beraz, gibelean nabarituko da Egunkariaren ibilbidea, nik uste nabaritu behar dela gainera, baina produktu berria izanen da, erronka berria eta ilusioak ere berritu egin dira». Hau idazterakoan oraindik eguna finkatu gabe baldin badago ere, San Juan inguruan karrikaratuko da lehendabiziko alea.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!