• «Laxoaren Gida» liburuxka idatzi dute Tiburtzio Arraztoa eta Josu Primek. 64 orri ditu, erdiak euskaraz eta erdiak gazteleraz.
• Pilota modalitaterik zaharrena bada ere, pilotazaleendako ezezaguna da laxoa. Horregatik, Laxoaren Gida honek historia, kultur eta kirol aldetik altxorra den honetara hurbildu nahi gaitu.
• Jesus Jaimerena iruritarra 1960an eta Laxoa Elkartea 1980tik honat kirola berreskuratu nahian dabiltza.
Nondik sortu zitzaizuen liburuxka hau argitaratzeko asmoa?
Liburu hau Nafarroak eta Akitaniak duten elkarlan komenioan sartzen da. «Euskal pilotaren gogoa» izenburua duen proiektu honek baditu hiru atal edo hiru liburu. Duela hilabete batzuk, Akitaniako kideek, hau da, Pierre Sabalo eta Jakes Casaubonek beren bi liburuak argitaratu zituzten, bat artzainen jokuei buruz, non pilotak hartzen duen zatirik handiena: hemen agertzen dira Iparraldeko pilotako plaza libre guziak. Bigarren liburuan pilotasoroak ageri dira. 60 pilotasoro aztertzen dira, gehienak Iparraldekoak, baina baita Baztan eta Malerrekakoak ere. Gurea dugu hirugarren liburua, «Laxoaren Gida», euskaraz eta erdaraz, eta 64 orrirekin.Testua ilustratzeko ehun bat argazki eta marrazki bildu dira.
Zein helbururekin eman duzue argitara gida hau?
Gure helburua modu xinple baina praktiko baten bidez laxoa jokoa eta laxoaren inguruan dauden osagai guziak deskribatzea izan da. Badakigu laxoa dela pilota jokurik zaharrena, baina gaur egun, agian, guttien ezagutzen dena. Orduan, laxoa partida bat ikustera hurbiltzen diren guziak jokoa zer den, nola kontatzen den, ezaugarriak, eta bertze jakingarriak ezagutzea nahi dugu.
Zein laguntza izan dituzue liburua prestatu eta argitaratzerakoan?
Nafarroako Kutxak dirulaguntza bat eman digu hau kaleratzeko. Erran dudan bezala, Nafarroako Gobernuaren eta Akitaniaren arteko komenio hortatik ere dirulaguntza eman digute… Modu berean aipatu nahi nuke Cederna-Garalureko Izaskun Abril, paperen tramitazioan eta horrelako gauzetan lagundu digulakoz. Lagundu diguten guziak eskertu nahi nituzke. Laxoa Elkarteak argitaratu ditu 1.300 aleak eta 7 eurotan salgai daude.
Nolako harrera izan du liburuak?
Nik uste laxoa inguruan mugitzen den jendea kontent gelditu dela alde batetik, eta bertzetik harritua. Egilea naizenez igual ez da ongi nik erratea, baina harriturik zeuden lan polita zelako, ongi egina eta Gidak duten helburua betetzen zuela, hau da, modu praktiko batez deskribatzea laxoaren osagarriak.
Laxoaren historia ttiki bat ere egiten duzue Gidan. Zergatik galdu du garai batean zuen lehentasun hura?
XIX. mendeko azken zatira arte Euskal Herriko kirol nagusia zen laxoa. Orduan agertu ziren bertze modalitateak, xistera, zesta-punta, erremontea… Ezker eta aitzin paretak agertu zirenean, joku zuzenak desagertzen joan ziren. Jokatzeko aukera gehiago ematen zuten, jende guttiagorekin. Laxoa kasik desagertu egin zen, baina 1960. urtean, Jesus Jaimerena apez iruritarrak lau urtez berpiztu zuen. Gero, herriko bestatan bakarrik jokatzen zen, 1980an Laxoa Elkarteak txapelketa berriz ere berreskuratu zuen arte.