Iparraldeko geroaz errefereduma bat antolatzea galdegin dute zonbait herritar eta hautetsik

Franck DOLOSOR 2006ko azaroaren 21a

Kortsikan bezala herritarrek hitza hartu behar dutela dio herriko gehiengoak

Ipar Euskal Herriko 138 herritan bezala, maiatzaren 27an Senperen ere gure etorkizunaz herri galdeketa bat egitea galdegin zuten herritar eta hautetsi batzuek. Batera plataforma departamenduzaleak deitu zuen mobilizazio berri hori, erearoan Nicolas Sarkozy barne ministroa Euskal Herrirat etorriko baita. Frantziako dezentralizazioaren baitan ez da euskal departamendurik sortuko beraz Bateraren ustez orain beharrezkoa da aldarrikapen hori Sarkozyri helaraztea. Ideia berekoak dira asteartean herriko etxean bildu ziren hogoita hamar bat lagun, hauen artean auzapeza, hautetsiak eta herritar batzuk. “Senpere elgarrekin” eta “Senpere egun eta bihar” taldeko kide batzuek bilkura hortan parte hartu zuten bainan Christian Fourgeauren ekipatik aldiz ez zen nehor agertu.

Bilkura horretan, Bateraren lau aldarrikapenak esplikatu zituen Christine Bessonart-ek:

«euskal departamendua, Baionako laborantza ganbara eta unibertsitatea sortzea eta euskarari ofizialtasuna ematea».

Bertze herri batzutan bezala, ideia hauek sustengatzen duten mozio bat presentatuko da seguraski ondoko herriko kontseiluan. Herri gehienetan mozio hori onartzen bada, Sarkoyzri argiki erakutsiko zaio Iparraldeko jendeek departamendu berri bat nahi dutela.

Heldu den uztailaren 6an, Kortsikako bi departamenduek bat egin behar ote duten erran beharko dute hango herritarrek.

Erreferenduma bat antolatuko du Frantziako gobernuak nahiz eta bortizkeria ainitz baden oraino ugartean. Gurean halakorik ez dela azpimarratzen dute departamenduzaleek eta beraz gauzak errexagoak direla diote.

Gainera, lehen ministroak berak pentsatu zuen tokiko herri galdeketak egitea Frantzia guzian. Asmo horiek aplikatzea bertzerik ez du eskatzen Baterak. Urrian, bertze manifestaldi bat ospatuko da Baionan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun