Arkupeak elkarteak omenaldiak eskainiko ditu ekainaren 27an

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 23a

50 urte ezkondurik bete dituzten senar-emazteak omenduko dira. Artxibokoa

Arkupeak elkarteak urtero omentzen ditu 85 urte betetzen dituzten bazkideak eta Urrezko Ezteiak, 50 urte ezkondurik, ospatzen duten senar-emazteak. Aurten ekainaren 27an eginen da omenaldi besta hori Donezteben, San Pedro bestetako txupinazoaren bezperan. Aurten, Arkupeak elkartearen hamazazpigarren urteurrena ere ospatuko da.

Egitarauan ez da aldaketa handiegirik izanen. Goizez, hildako bazkideen omenezko meza izanen da. Nafarroako Gobernuko agintariak, alkateak, bertsolariak eta txistulariak ere bertan izanen dira. Meza ondotik emanen zaizkie opariak eta oroigarriak omenduei. Gero, bazkaria izanen da udal kiroldegian, joan den urtean bezala. Besta honetan parte hartzen duten mila lagunak Bordatxon baino erosoago daude eremu honetan, ez baita eskailerarik igo eta jautsi beharrik. Bazkaria Argedasko Jatetxe Modernoak eskainiko du. Arratsaldeko dantzaldia, Amalur taldearen eskutik izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun