Joan den larunbatean, azaroak 18, Nafarroako Goma Gaineko 8X8 Soka-tira Txapelketako jardunaldi bat jokatu zen Elizondoko frontoian. Gizonezkoetan 600kg azpitiko txapela erabakiko zuen bigarren jardunaldia jokatu zen, emakumezkoetan aldiz, 480kg azpitiko lehen jardunaldia.
Gizonezkoetan lesakarrak jaun eta jabe izan baziren aste bat lehenago etxean jokatu zuten lehen jardunaldian, Elizondon arerioak hobekiago aritu ziren, batez ere Berriozarkoak. Hori dela eta, lehen postua azken hauekin banatu behar izan zuten. Hortik aparte ez ustekorik ez zen izan, eta gaineratiko postuak lehen jardunaldian bezala egon ziren, 3. Amaiur B, 4. Amaiur A eta 5. Txantrea. Bigarren jardunaldi huntan berdindu bazuten ere, bien puntuak gehitzerakoan, sailkapen orokorrean lesakarrak lehenak ziren, eta beraz, horri esker, denboraldiko bigarren txapela irabazi zuten 9,5 punturekin. Berriozar bigarren gelditu zen puntu batera. 6 punturekin Amaiurko B taldekoek podiuma osatu zuten haien herrikideak bi aldiz menean hartu eta. laugarrenak eta bosgarrenak Amaiur A eta Txantrea izan ziren hurrenez hurren. Emakumezkoetan 480kg azpitiko lehen jardunaldia jokatu zen, eta 520kg azpitikoan bezala 3 talde aurkeztu ziren, Sakana, eta Beti Gazte A eta B. Larunbatean ez zen ez ustekorik izan eta Sakanak bertze garaipen bat eskuratu zuen. Beti Gazte A bigarren gelditu zen eta Beti Gazte B berriz hirugarren. Txapela bigarren jardunaldian erabakiko da.
Heldu den igandean, azaroak 26, Nafarroako 8X8 Soka-Tira Txapelketari bukaera emanen zaio Arbizuko kiroldegian, eguerdian jokatuko den jardunaldiarekin. Emakumezkoetan 480kg azpitiko txapelarentzat lehiatuko dira eta gizonezkoetan berriz 580kg azpitikoarentzat.