Berako bizilagunen protesta, N-121-A errepidea moldatzeko Nafarroako Gobernuak egin duen proiektuaren aurka

Utzitako argazkiak 2006ko azaroaren 21a

Utzitako argazkiak

Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamendua N-121-A errepidea 65. kilometrotik Berako herrira bitarte moldatzeko proiektua prestatzen ari denez, bizilagun batzuk eta proiektu horrek ukitzen dituen beste batzuk bildu ondoren, nafar gizarteari, oro har, eta Nafarroako Gobernuari, bereziki, adierazi nahi diegu gure atsekabea eta etsipena, egin gogo dena ikusita.

Delako proiektuaren bidez moldatu nahi dute gaurko errepidea abiadura handiko errepide bilakatzeko. Horretarako Bidasoa gainetik bi zubi eginen dira, eerrepidean errei gehiago, alde guztietarako komunikazio lokarriak, azpiko pasabideak, eta oro har orain dauden erreiak handitu eta gehiago sartu. Horrela egiten bada okupatuko dira laborantzako eta abelzaintzako alor joriak, inguru honetan gero eta guttiago gelditzen baitira, ingurumenari eta ekologiari begira kalte handiak sortuko dira (ukituak geldituko dira BIL eremu bat, nekazaritza eta abelzaintza ekologikoko ustiapenak: proiektua aitzinera ateratzen bada bizi ahal izateko behar dituzten inguruaren kalitate beharrengatik ezin izanen dute segitu), paisaiari izugarrizko kaltea eginen dio, baita Bidasoaren eta haren bazterren itxurari, soinua eta kontaminazioa ere handituko dira ikaragarri, inguru honetan diren nekazaritza, abelzaintza ea basogintzako jarduerak bertan behera edo ezin bizi geldituko dira eta, oro har, kalte itzela Nafarroako Bidaso aldeko lurralde ederrenetako jendearen bizimoduari eta lanbideari. Bizilagun hauen asmoa ez da, inola ere, garapen ekonomikoaren eta komunikazio azpiegituren kontra joatea. Arront bertzelakoa da. Guk geure alorretan segitu nahi dugu bizitzen eta lan egiten, geure ustiapenetan, paisaia hobetzen, balio eta produktu ekologikoak sortzen, Bidaso alde honek duen basogintza, nekazaritza eta abeltzaitzako aberastasuna mantentzen, baita fauna eta landaretzarena ere. Horregatik bada, ez dugu nahi, inondik ere, errepidea egokitzeagatik kalitatea galdu eta horren ordainean kalteak jaso, eta abantaila bakarra ere ez.

Hortaz bada, eta horrela adierazi genuen alegazioak aurkeztu ziren garaian, proiektatua dagoen trazaduarentzat bertze konponbide bat proposatzen dugu. Konponbide hori, Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamenduak berak proposatzen zuen, tunela egitea da. Ukitutako eremuan barna pasako da, eta mantenduko da gaurko errepidea zerbitzu bide gisa eta sarbide gisa, inguruko baserrietara, etxe partikularretara eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako eremuetara ailegatzeko. Hori eginen balitz, ez litzateke bi zubien beharrik izanen, ez eta komunikazio lokarria edo azpiko pasabideak egin beharrik ere, hobeki errespetatuko litzateke inguruko estetika, paisaiari eta bertako ustiapenei kalte egin gabe, Bidasoa ondoko bazterren konfigurazioa mantenduz.

Bertzetik ere, konponbide hori egokiro lotua egonen litzateke N-121-A errepidea moldatzeko egin den proiektuaren helburuekin, eta orduan bai izanen litzatekeela egiazko abiadura handiko errepidea. Ez litzateke inolako trabarik sortuko abiadura handiko errepidearen eta gaurko ustiapenetara sartu-ateratzeko lokarrien artean; desagertuko lirateke orain sortuko diren izugarrizko nahaspilak trafikoaren abiadura eta arintasuna bat egin nahi badira: lurzatietara sartzeko errepidearen alde banatan dauden etxebizitzen eta ustiapenen arteko komunikaziogune izatea, edo errepidean barna nekazaritzako makineria ibili beharra, basogintzako lanak errepide bazterretan egin beharra, etab. Bertzetik ere, erran beharra dago guk proposatzen dugun konponbidea eginez gero, bihurgune guttiago izanen direla, kilometro guttiago, eta proiektuko errepidean trafikoa hobetuko dela, eta gainera kontuan hartuta teknikoki erraz egin daitekeela, hori adierazi baitzuen Iberinsako talde egileak, Nafarroako Gobernuak proiektuaren azterketa teknikoa egiteko kontratatu zuenean.

Gure ikuspuntua ikus dezatela nahi genuke, ingurua ezagutzen dugulako eta bertan bizi garelako, beldur baikara orain dugun guzia galtzeko, eta badakigulako, jendeari eta ekologiari begira, kostu ttikiagoko konponbideak badirela, teknikoki egin daitezkeenak eta, gainera, komunikazio errepide baten egiturari egokituago daudenak.

Horregatik bada, dei egiten diogu nafar gizarteari, bertako agintari politikoei eta Nafarroako Gobernuari, proposatzen dugun konponbidea, guttienez, azter dezatela. Geure burua eskaintzen dugu behar diren bileretara agertzeko, afera hau egiazko hobekuntza izan dadin denondako, eta hain ederrak diren leku eta xoko hauek gal ez ditzagun, trafikoz lepo dauden errepide handiek irentsiak, soinuak eta poluzioak janak. Jakinik, gainera, konponbideak badirela egiazko garapen jasangarriari hobeki erantzungo lioketenak.

Gabriel ERRANDONEA eta bertze 25 sinadura

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun