Aurtengo uso ehiza denboraldian iaz baino uso guttiago pasatu dira gure eskualdetik. Joan den urtean 395.000 uso zenbatu ziren Sarako kontagunean, aurten berriz, 315.000, %20 guttiago. Beti ere uso kopurua ttikiagoa izan dela kontuan hartuz, ohar gaitezke aurtengo gehiengoa iaz baino goizago pasa dela, ez eta azken urteek erakusten zuten bezala beranduago. Egia da 2005ean lehen uso pasa adierazgarria urriaren 24an izan zela, 40.000 usorekin, aurten baino goizago, baina joan den urteko pasa handia azaroaren 6an izan zen, orduan 235.000 uso zenbatu ziren bakarrik Lizarrietan. Aurten aldiz, lehen uso pasa adierazgarria beranduxeago izan da, azaroaren 26an, 80.000 usorekin baina handiena iaz baino lehenago izan da, azaroaren 3an, 150.000 usorekin. Orohar zenbakiek erakusten digute aurtengo uso pasa gehiago itxoin behar izan dela, baina azkenean, iaz baino lasterago bukatu da.
Ehiztariek zer nolako denboraldia izan duten neurtzea zaila bada, eskualdeko uso zaleena berriz gutti gora behera iaz bezalakoa izan da. Sarako usategietan 2005ean baino uso gehiago harrapatu dituzte guztira 40 uso. Iaz dozena erdi bat baizik ez zituzten egin. Etxalaren, auzoko herrian baino hobekiago ibili dira, baina joan den urtea baino gaizkiago. Duela urte bat 43 dozena harrapatu zituzten aurten aldiz 7 guttiago, 36. Patxiku Irissari Etxalarko uso zalearentzat denboraldi arraroa izan da. “Hasieran greba izan dugu, ondotik alerta egoera hiruzpalau egunez haizearengatik eta azkenean behar den bezalako uso pasa 4 egunetan baizik ez dugu izan”.