Tokiko Administrazio Sailak eramanen duen “oinarrizko weba, web orri bat udal bakoitzerako” kanpainaren barrenean, eskualdeko 9 herriek haien gunea izanen dute interneten, hala nola, Arantza, Beintza-Labaien, Donamaria, Igantzi, Oitz, Urdazubi, Urroz, Zubieta eta Zugarramurdi.
Gaur egun Nafarroa osoan, 272 udaletatik 91k daukate zerbitzu hori. Bertze herrialdeei konparatuz kopuru apala da, baina Nafarroan herri ttiki anitz daudelako dela diote adituek. Aipatutako kanpainari esker, Nafarroa osoan bertze 58 herrik izanen dute haien web orria. Horien artean 36k gune arrunta izanen dute, 13 gaztelera hutsean eta 23 bi hizkuntzetan euskara eta gaztelera. Bertze 22ek gune osatuagoa izanen dute, intermedia deitzen dena, 10 gazteleraz eta 12 bi hizkuntzetan. Horretarako, 25.000 euro zuzenduko ditu Tokiko Administrazio Sailak.
Kanpaina hori, Nafarroako Gobernuak eramaten ari den herri ttikietan teknologia berriak bultzatzeko ekimenaren barnean sartzen da, 012 telefono zenbakia eta helbide elektronikoak bezalaxe.