Larunbata goizean, “Xorroxin Biluxik” ikusteko aukera izan zen Iruritan

Xan Harriague 2006ko azaroaren 20a

3 orduz, 25 urte hauetan irratian kolaboratu duten 20 bat laguntzaile pasatu ziren mikrofonoetatik

Xorroxin irratiak, 25 urteurreneko ospakizunekin bukatzeko, 3 ordu iraun zuen saioa eskaini zuen larunbat goizean Iruritako Damaso Zabaltza Kultur Gunetik zuzenean. 11:00etatik aitzinera, urte guzi hauetan irratia lagundu duten hainbat lagun hurbildu ziren mikrofonoetara.

Saioan irratiak dituen sail ezberdinak jorratu zituzten kolaboratzaileen laguntzarekin. Hori dela eta, oholtzatik pasatu ziren, eguraldiaren iragartzailea, sexologoa, eskualdeko politikariak, herrietako berri emaileak, kirolariak, musikariak, biologoak eta bertze eskualdeen irratietako esatariak bertzeak bertze. Bakoitzak irratian dituzten oroitzapen txarrak eta onak, hanka sartzeak eta hasierak aipatu ahal izan zituen. Hainbeste elkarrizketen artean, irratian egiten diren, jokoek ere tartea izan zuten. Ahotsa entzunez entzuleek asmatu behar zuten nor zen hizlaria. Kultur gunean zirenak marrazki baten laguntza izan bazuten ere, telefonoz deitzen zutenak baino hobekiago ez ziren ibili. Zuzeneko musika ere ez zen faltan izan eta Iruritara hurbildu zirenek edo irratia piztua zutenek, Joseba Irazoki, Jalisko Band eta Pottokaren musikaz gozatu ahal izan zuten. Irrati saioa eta gero, laguntzaile guziek elkarrekin bazkaldu zuten Olari jatetxean.

“Xorroxin Biluxik”, 25 urteurrena ospatzeko egin duten 3. ekitaldia zen, horren aitzinetik ekainean Oskorriren kontzertua antolatu zuten Lur Dantzalekuan eta azaroan Bertso saioa Lesakan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun