Mindegia eta Larretxea Nazioarteko Aizkora Lehiako txapelketa nagusian

Xan Harriague 2006ko aza. 17a, 18:03

Kanporaketak Lekunberrin eta Legution jokatuko dira asteburuan

Egur Sportek antolatzen duen Nazioarteko Aizkolarien Lehiaren txapelketa nagusiaren 3 kanporaketak asteburuan eginen dira Lekunberrin eta Legution. Joan den azaroaren 11n gazteen mailako txapelketa jokatu zen eta Brent Rees australiarrak irabazi zuen. Joan den igandean berriz aizkolari azkarrenaren txapelketa, eta Donato Larretxea gailendu zen maila nagusian, Brent Rees bera, 23 urte azpikoan eta Ugaitz Mugertza 20 urte azpikoan.

Txapelketa nagusiko lehen bi kanporaketak larunbatean jokatuko dira Lekunberriko pilotalekuan 17:00etan eta 20:00etan. Lehen saioan Txapartegi, Zelanda Berriko Jordan, Australiako O’Toole, Kanadako Bischoff, Mindegia eta Arrospide arituko dira, bigarrenean berriz, Australiako Rees eta Coffey, Nazabal, Ameriketako Estatu Batuetako Waterfield, Olasagasti eta Mugertza I.a. Hirugarren kanporaketa Legution izanen da, Araban, igande eguerdian. Bertan Larretxea eta Etxebestez gain, bezperako bi kanporaketetan parte hartu duten bertze 10 aizkolari lehiatuko dira, hala nola Nazabal, Coffey, Olasagasti, Waterfield, O’Toole, Jordan, Rees, Mindegia, Bischoff eta Arrospide. Egur Sportek antolatu ohi dituen Urrezko Aizkolarien txapelketetako antzeko egituraketa izanen du txapelketak. Aizkolariek sei proba jokatuko dituzte, erlojuaren aurka, zutika, zeinek kolpe guttiago, bi enbor, bat zutik bertzea etzanda, 60 ontzakoa eta bukatzeko lau enbor.

Kanporaketa bakoitzetik bina aizkolari sailkatuko dira azaroaren 25ean Azpeitian jokatuko den finalerako. 6 hauetaz gain, Suitzako txapelduna, Schonbanchler, eta Frantziakoa, Giguel, finalerako zuzenean sailkatuak daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun