Mendi Federazioak ibilbide luzeko bidexkak berreskuratuko ditu

Xan Harriague 2006ko aza. 17a, 11:46

Lan horren egiteko 415.000 euro eskuratuko ditu

Isabel Garcia Kirol Saileko kontseilariak Nafarroako Parlamentuari jakinarazi dioenez, Mendi Federazioak ibilbide luzeko bidexkak, edo GR delakoak, berreskuratzeko hitzarmena lortu du. Bidexkak egoera txarrean zirela eta, federazioak bere gidetatik kentzea erabaki zuen. Egoerari konponbidea emateko bi aldeek bilerak egin dituzte urrian. Hori dela eta, mendi jardunaldiak foru lege baten bitartez arautzea adostu dute. Horiek horrela, gaitasunak, seinalatzea eta mantenamendua noren ardurak izanen diren zehaztuko da lege berrian. Indarrean sartzen den bitartean federazioak ibilbide luzeko bidexkak berreskuratzeaz arduratuko da, hala nola, Pirinioetako bidexka, Aralarko itzulia, Iruñeriko itzulia, Inazioren bidexka eta bidexka historikoak. Horretarako 345.000 euro eskuratuko ditu, eta bertze 70.000 euro Euskal Herriko bidexka moldatzeko. Guztira ibilbide luzeko bidexkak berreskuratzeko 415.000 euroko dirulaguntza izanen du Nafarroako Mendi Federazioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun