“Xorroxin Biluxik” irrati saioa larunbat honetan Iruritatik zuzenean

Xan Harriague 2006ko aza. 16a, 13:15

25 urte hauetan irratia garatu eta lagundu duten hainbat lagun arituko dira zuzeneko saioan

Larunbat honetan, azaroaren 18an, Xorroxin Irratiko 25 urteurreneko ospakizunen barrenean, Iruritako Damaso Zabaltza Gizarte Bilgunean zuzeneko saioa berezia eginen da “Xorroxin Biluxik” izenburupean. Goizeko 11:00etan hasiko den emanaldia ateak zabalik eginen da. Hori dela eta, irratiak nola funtzionatzen duen ikusten ahalko da, bai alderdi teknikoaren aldetik, bai egitarauaren aldetik. Larunbatean, 25 urte hauetan irratia sortzen eta garatzen lagundu duten pertsona anitz arituko dira solasean, hala nola Txus Barrenetxe, Jose Urroz, Juanjo Hatsa, Luis Alberdi eta Joxe Landa bertzeak bertze. Herriko berri emaileek ere haien tartea izanen dute, oholtza gainera igoko dira Erratzukoa, Iruritako eta Lesakakoa. Egungotasuna egiten duten pertsonak ere ez dira faltako, eskualdeko politikariak, tartean alkateak edo alkate izanak, Andres Diharasarri, Juan Fermin Mitxelena eta Josu Goia, edo Patxi Vila eta Agurtzane Orbegozo bezalako goi mailako kirolariak. Elkarrizketa hauen artean bizitasuna emateko, antzerki laburretaz, bertsoetaz eta kirikoketa doinuetaz gozatzen ahalko da. Musika ere zuzenean izanen da, Pottoka, Jalisko Band eta Joseba Irazokiren eskutik. Xorroxin biluzik ikusi nahi dutenek hitzordua dute larunbat goiz honetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun