Ramon Latasaren eskultura finantzatzeko egitasmo berriak martxan daude

ttipi-ttapa 2006ko aza. 15a, 12:20

Azaroaren 24tik abenduaren 10era margo erakusketa egonen da Sunbillako Herriko Etxean

Ramon Latasaren eskultura egiteko dirua ateratzeko egitasmo berriak martxan daude. Azaroaren 24tik abenduaren 10a arte iraungo duen margo erakusketa antolatu dute. Udaletxean egonen da ikusgai, 18:30etik 20:30ak arte. Erakusketa honetan, Jose Maria Rezola, Ana Mari Marin, Juan Carlos Pikabea, Jose Maria Apezetxea, Jesus Montes, Juan Carlos Olaetxea, Javier Sagarzazu, Tomas Sobrino, Miguel Angel Rezola, Mari Sol Esparza, Manolo Sanz, Maria Asun Reguena, Adrian Labadie, Eva Irazoki, Jesus Sanz, Itziar Mikelperizena, Antonio Laita eta Koldo Sebastianen margoak izanen dira ikusgai eta salgai. Diru bilketarako sortu zen batzordearen izenean, margolari guztiei eskerrak eman nahi dizkiete, baita Mena argazkiak, Saskaitz hotela eta Nafarroako Kutxari, margolariak eta hauen margoak azaltzen diren 250 liburuxka egiteko dirulaguntza eman baitute.

Bertzalde, Ramon Latasaren bizia eta jokatu dituen apustuak eta txapelketak biltzen duen DVDa ere atera du Antton Espelosinek. Honetarako berriz, udalak, Conasak eta Telletxea eraikuntza enpresak eman dute dirulaguntza eta Kulturkarin egin da. 900 DVD eta 100 bideo egin dira, eta 15 eurotan egonen dira salgai eskualdeko liburudendatan: Sunbilla, Doneztebe, Elizondo, Mugairi, Lesaka, Bera, Leitza, baita Lekunberri, Iruñea eta Donostian ere. DVDak, 64 minutuko iraupena dauka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun