Mindegia eta Olasagastiren arteko apustuan 18.000 euro izanen dira jokoan

Xan Harriague 2006ko azaroaren 14a

Desafioa abenduaren 17an jokatuko dute Tolosako zezen plazan

Mindegia eta Olasagastik apustua adostu dute. Bi aizkolarien desafioa abenduaren 17an eginen da Tolosako zezen-plazan eguerdiko 12:30ean. Bakoitzak 24 kana-erdi moztu beharko ditu eta biek 18.000 euro jokoan emanen dituzte. Sarreren irabaziekin erdi bana eginen dute, eta egurrarekin gauza bera. Bakoitzak enborren erdia ekarri beharko du eta plazan jarri.

Mindegiak, Larretxea eta Nazabal ez ezik, edozeini bota zuen desafioa, baina lehen hitzordura ez zen nehor agertu. Hala ere, ordu batzuen buruan, Olasagastik Mindegiari desafioa bota zion baina diru kopurua bikoiztuz, 36.000 euro jokatuz. Ezkurrakoa bilerara joan zen, hala ere bi aizkolariek ez zuten hitzarmenik lortu. Nafarroako txapeldunarentzat 36.000 euroak gehiegi ziren apustu batentzako. Dena den, Mindegiak ez zuen etsi, eta hirugarren hitzordua egin zuten astelehenean. Azkenean bi aldeak ados jarri ziren, saria 18.000 eurokoa izanen da, sarreren irabaziak bantuko dituzte erdizka, eta egurra bien artean ekarriko dute eta plazan jarriko. Abenduaren 17an jokatuko den desafioa ikusmina handia sortu beharko luke aizkora zaleen artean, alde batetik Nafarroako txapelduna eta bertzaldetik Gipuzkoako txapelduna neurtuko baitira.

Olasagasti horrelako apustuetan maiz aritzen da. Azkenaldikoz joan den apirilean Lasa eta Otañoren aurka aritu zen 20 kana-erditan, baina galdu zuen. Iaz ere, bi apustu egin zituen, lehena Azurmendiren aurka aizkoran, eta bigarrena Erasunen aurka aizkora eta segan. Mindegiak berriz, azken apustua duela 5 urte egin zuen Arria V.ren aurka. Hau ere 20 kana-erditan izan zen, eta Ezkurrakoak irabazi zuen. Nafarroako txapeldunak 58 urte ditu, Olasagasti baino 10 urte gehiago, baina oraindik sasoi bete-betean dagoela erakutsi nahi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun