Etxeko argiak

ttipi-ttapa 2006ko aza. 14a, 10:32
TTIPI TTAPA

Leku bakoitzari bere argia dagokio

Komenigarria da etxeko xoko bakoitzari egokien zaion argiztatze sistema/estiloa aplikatzea. Sukaldean, hodi fluoreszenteak eta garbitzen errazak; komunean, foku indartsuak eta pantaila bat ispiluaren alboetan, itzalik ez sortzeko; jangelan zeharkako argiak, leunak; egongelan, argi baxuko lanparak konbinatuta; korridoreetan, objektuak argiztatuko dituzten aplikeak, eta, etxeko sarreran, argi puntualak. Logeletan, lanparak. Horixe da etxe bat argiztatzeko formula. Hortik aurrera, aukerak mugagabeak dira, baina betiere bi galderari erantzun beharko diete: zer nahi dugun argiztatu eta nolako argi motaz egin nahi dugun, bi gai horiek erabakiko baitute gure etxea argiz nola jantzi. Izan ere, espazioa, giroa, erosotasuna eta goxotasun maila definitzen duen arren, arreta txikia eskaintzen zaion elementua da argia. Ikuspena bilatzen da, eta gela bakoitzean egin behar den jarduera segurtasunez eta zehaztasunez egiteko moduko argiztapen egokia lortu behar da. Fokua zenbat eta gutxiago ikusi, eta argitu nahi dena zenbat eta gehiago ikusi, hainbat eta argi kalitate hobea izanen dugu, eta konfort maila handiagoa, beraz.

Argi motak

ARGI OROKORRAK: hodi fluoreszenteak, sabaira begira dauden lanpara zutak, halogenoak edo paretako aplikeak. Argi indartsua da, arras zehatza ez bada ere.

GIROTZEKO ARGIAKez daude gelako leku jakin bat argitzeko, inguru baterako baizik. Argi mehea da, goritasun bonbillak dituzten lanparen bitartez, giro bero eta erosoa bilatzen duen argia.

ARGI PUNTUALAK objektu jakin bat garbi, bizi eta zeharka argiztatu nahi dutenak dira eta, horretarako, fokuak egokiak dira.

Leku bakoitzerako argirik egokiena

Sukaldeak argi homogeneoa behar du, zuzena, bai sabaian jarrita bai lan lekuaren gainean, edota bi formulak erabilita. Argia luzaz piztuta egoten den lekua denez, hodi fluoreszenteak primerakoak dira, pizterakoan indar gehiago kontsumitzen duten arren, gutxi gorabehera 8.000 ordu irauten baitute, eta goritasun bonbilla batek baino %20 gutiago kontsumitu.

Logelan argiak zeregin praktikoa betetzen du. Ez da argi zenitalik behar, umeen gela ez bada behintzat, orduan bai, sabaitik modu orokorrean argiztatzea merezi baitu. Gela apaintzeko giro argitasuna eta irakurtzeko flexo baten argi puntuala konbina daitezke, eta armairuaren edo jantzigelaren inguruan foku halogenoak.

Egongela biltzeko eta lasai egoteko lekua da. Fokuak ez dira komeni, atentzioa desbideratzen dutelako eta azpian esertzen direnak itsutzen dituztelako. Goxotasuna girotze-argiko hainbat punturekin lor daiteke, edo argi orokorra emanen duten lanpara zutekin, eta, horien osagarri, argi baxuak jar daitezke, telebistan islarik agertzea galarazteko.

Jangelako mahaia berez ia espazio bat balitz bezala hartzen da, propio horretarako gela batean egon edo ez egon. Lanpara nagusiak ez dezala itsutu kontuak hartu behar da eta, horretarako, mahaitik 75 cm-ko altueran-edo jarri behar da, bonbillak ezkutuan daudela. Elikagaiak zuzeneko argiz argiztatzea lortzen da, baina mahaikideen begietan zuzen jo gabe. Onena argia sabaitik gertu edukitzea da, mahaia argitzeaz gainera, mahaiaren ingurua ere argituko baititu.

Komunetan maiz egiten den hanka sartzea izaten da ispiluaren gainean argia jartzea. Hala eginez gero, miraila edo ispiluko islada desitxuratua ikusiko dugu; hori saihesteko, fokuak alboetan jarri behar dira. Argi horri, ordea, argi orokor batek lagundu behar dio, eta bi horiek etengailu desberdinak izanen dituzte eta, ahal dela, bereizita, bata edo bestea aukeratu ahal izateko.

Sarrera eta korridoreak ere kontuan hartu behar dira, paseko lekutzat hartzen diren arren. Biek argitasun goxoa eskaini behar dute. Sarreran, argi puntuala emanen duen zutikako edo mahai gaineko lanpara bat nahikoa izan daiteke; korridoreetan, berriz, sabaiko fokuak jartzeko joera saihestu behar da, argi-itzal kontrasteak sortzen dituztelako eta itsugarriak direlako eta, gainera, indar gehiegi kontsumitzen dutelako. Paretan aplike batzuk jarrita ederki ikusiko da bidea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun