Uso ehizako denboraldia aitzinera doa baina momentuz txarra dela erran daiteke azken urteetako kontaketei konparatuz. Euskal Herriko Pirinioetan dauden 4 konta gunetan, Arnegi, Banka, Sara eta Urruñan, denboraldiaren hasieratik hunat 1.520.000 uso pasa dira, iaz garai berean baino kasik milioi bat guttiago. Joan den urtean, azaroaren 11n kontaketa amaitzerakoan 2.480.000 uso zenbatu ziren. Hala ere kontuan hartu behar da joan den urteko denboraldia oso ona izan zela pasaiari dagokionez. Azken 7 urteko datuei begiratuz, ohar gaitezke, urte batetik bertzera zenbatzen diren usoen kopuruetan gora behera handiak izaten direla. 1999an 2.790.000 uso zenbatu ziren, 2000an 1.560.000, 2001ean 1.830.000, 2002an 2.050.000, 2003an 1.620.000 eta 2004ean 1.820.000. 1999an, 2002an eta joan den urtean ez ezik bertze guzietan 2 milioi uso baino guttiago kontatu ziren. Heldu den egunetan, gutxi batzuk pasatuko badira ere, erran daiteke aurtengoa, azken 8 urte hauetako denboraldirik txarrena dela.
Aitzineko asteetan aipatzen genituen migrazio aldaketak ere konfirmatu dira. Hori dela eta aurten uso gehiena mendialdetik pasatu da, ez eta aitzineko urteetan bezala kostaldetik. Arnegin iaz baino uso gehiago pasatu dira, orotara 550.000, baina, gorakada ttikia izan da, 25.000 gehiago. Banka migrazio aldaketa nabarmenagoa izan da, 2005ean baino 200.000 uso gehiago kontatu dituzte Baigorriko gainetan, orotara 460.000. Sarako konta gunean aldiz, joan den urtean baino uso guttiago kontatu dituzte, 315.000, iaz baino %20 guttiago. Hala ere aldaketa nagusia Urruñan izan da, 2005ean 1.290.000 uso ikusi zituzten, aurten aldiz, 195.000 baizik ez. Etxalarko saretan denboraldia azaroaren 20an bukatuko dute, orduan izanen dugu balantze baten egiteko eta haien ustez aldaketa horiek zergatik gertatzen diren jakiteko aukera.