Mikel Mindegia marka guztiak xehetzeko bidean da, eta 57 urterekin Nafarroako bertze txapel bat jantzi zuen Ezkurrakoak urriaren 29an Lakuntzan, pronostiko guztiak hautsiz garaipena eskuratuta. Gisa honetara, bere palmaresa handitu bidenabarkoan, Mindegiaren itzala ere gero eta luzeagoa da aizkora munduan. Bera baino gazteagoak diren aizkolariek arazo fisikoak izaten dituzte, baina Mindegiak aizkolari gogorra dela erakutsi zuen berriz ere. Bera baino koxka bat goitiago daudenek huts egiten dutenean, hor dago Ezkurrakoa, txapela janzteko prest. Horrelaxe irabazi zuen joan den urtean Nafarroako txapela eta horrelaxe irabazi du aurtengoa ere 1949an jaiotako aizkolariak.
Gerriko arazoak medio, jakina zen Floren Nazabalek ezin izanen zuela jokatu, eta etxarriarraren faltan Donato Larretxea zen faborito garbia. Erakustaldia eman zuen Arantzakoak Euskal Herriko txapelketan, eta egun guttiren barrenean hirugarren txapela janzteko moduan zela zirudien. Hala eta guztiz ere, gerriak arazoak eman zizkion, eta lanak izan zituen ebaki beharreko lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbikoak mozteko. Hala ere, bigarren tokian akautu zuen txapelketa, hori bai, irabazlearengandik bi minutu pasatxora.
Dena dela, faborito nagusiak izandako arazo fisikoek ezin diote inolaz ere meriturik kendu Miel Mindegiaren garaipenari; izan ere, egindako denborak argi erakusten du bere 57 urteekin lan txukuna osatu zuela. Hiru minutu baino gehiago ateri zizkion hirugarren postuan sailkatu zen Lopezi. Vicente laugarren izan zen eta Barberena bosgarren
Desafioa
Urteak urte, Ezkurrako aizkolari beteranoak bazekien sasoiko zegoela; izan ere, Euskal Herriko finala jokatu eta berehala, desafioa bota baitzien, Nazabal eta Larretxea kenduta, bertze aizkolari guztiei. Mindegiak 12.000 euro jarri nahi zituen jokoan, baina Tolosako Kantabrikon jarri zuen hitzorduari inork ez zion erantzun.
Orain, Olasagastik bertze desafio bat bota du, 30 kanaerdikora eta alde bakoitzak 36.0000 euro jokatuz. Ikusiko da Mindegiak onartzen duen edo ez.