Ramon Latasaren eskultura egiteko egitasmo berriak martxan daude

Jaione OTXANDORENA 2006ko aza. 13a, 12:51

«Ramon Latasa: basoko aizkolaria» bideoa eta DVDa bilduko dituen karatula. Latasa bera apostu batean eta proba baten ondotik ageri da. TTIPI TTAPA

Joan den aleko erreportaian azaldu zen bezala, Ramon Latasaren eskultura egiteko dirua ateratzeko egitasmo berriak daude. Oraingoan, azaroaren 24tik abenduaren 10a arte iraungo duen margo erakusketa antolatu dute. Erakusketa udaletxean egonen da ikusgai, 18:30etik 20:30ak arte. Erakusketa honetan, Jose Maria Rezola, Ana Mari Marin, Juan Carlos Pikabea, Jose Maria Apezetxea, Jesus Montes, Juan Carlos Olaetxea, Javier Sagarzazu, Tomas Sobrino, Miguel Angel Rezola, Mari Sol Esparza, Manolo Sanz, Maria Asun Reguena, Adrian Labadie, Eva Irazoki, Jesus Sanz, Itziar Mikelperizena, Antonio Laita eta Koldo Sebastianen margoak izanen dira ikusgai eta salgai. Diru bilketarako sortu zen batzordearen izenean, margolari guztiei eskerrak eman nahi dizkiete, baita Mena argazkiak, Saskaitz hotela eta Nafarroako Kutxari, margolariak eta hauen margoak azaltzen diren 250 liburuxka egiteko dirulaguntza eman baitute.

Bertzalde, Ramon Latasaren DVD bat ere atera du Antton Espelosinek. Honetarako berriz, udalak, Conasak eta Telletxea eraikuntza enpresak eman dute dirulaguntza eta Kulturkarin egin da. 900 DVD eta 100 bideo egin dira, eta 15 euroan egonen dira salgai eskualdeko liburudendatan: Sunbilla, Doneztebe, Elizondo, Mugairi, Lesaka, Bera, Leitza, baita Lekunberri, Iruñea eta Donostian ere. DVDak, 64 minutuko iraupena dauka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun