Lorpen lantegiko milioi erdi galtzerdi pare 56 herrialdetan saltzen dira

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 13a

1985an zazpi soziorekin hasi baldin bazen ere, gaur egun 55-56 langile ari dira Etxalarko Lorpen lantegian. ttipi-ttapa

2006ko esportazio sarioa jaso du etxalarko enpresak

Nafarroako Merkataritaz eta Industria Ganbarak 2006ko esportazioaren saria eman dio Etxalarko Lorpen lantegiari. Kalitatezko galtzerdi teknikoak egiten dituen enpresak azaroaren 28an eginen den ekitaldi ofizialean jasoko du saria, “epe laburrean nazioartean izan duen zabalkunde indartsua” aitortzeko. Izan ere, Lorpen markako galtzerdiak 56 herrialdeetara ailegatzen dira gaur egun, eta Etxalarko lantegia ez ezik, merkataritzako saila ideki du Kanadako Toronton eta aurten ekoizpen lantegi berria idekiko du Mexikoko Puebla hirian.

Lorpen lantegiak zortzi bezero zituen 1997an eta gaur egun 1.400 baino gehiago ditu, horietatik %60 Espainiatik kanpokoak. Bere langileek eta zuzendariek mendietako kirolekin zuten afizioa, galtzerdi teknikoen arloan munduko erreferentzia den produktu batean bihurtu dute.

Lorpen lantegiaren hasiera, gehienetan bezala, ez zen erraza izan. 1985ean hasi zenean, kotoizko kirol galtzerdi arruntak egiten zituen, bezeroaren edo banatzailearen markarekin, kopuru handietan eta prezio estuetan. Honela, marka handiendako eta banatzaile ezberdinendako lan egitea lortu zuen, baina estatu mailan bakarrik, negoziatzeko ahalmen eskasarekin eta, merkatua bezero gutti batzuen eskuetan izaterakoan, komertziorako arrisku handiarekin.

Berezko markaren aldeko apostua 1997an

1997an, bere marka garatzearen aldeko apostua egin zuen Lorpen enpresak, produktu teknikoaren salmenta handitu eta oinarrizko galtzerdiarena jausten zuen bitartean. Honen helburua bezero kopurua handitzea eta, honenbertzez, arriskua jaustea zen.
Lorpen markaren sorreran inbertitu zuen lantegiak, ISO 9001 kalitate-araua sartuz., Etengabeko formakuntza eta hobekuntza lanak egiten zituen neurrian, konsumitzaileari sinesgarritasuna ematen joan zen. Baliabide eta kapital inbertsioa handia egin dute, galtzerdi modelo bereziak eta berritzaileak diseinatu eta sortzeko. Diseinu hauek sarituak ere izan dira nazioartean, bai bere diseinu aurreratuarengatik, baita zuntz tekniko berritzaileak erabiltzegatik ere.
Aldi berean, Lorpenek goi mailako erabiltzaileak hartu ditu aholkulari gisara, bere produktuen ikerketa eta garapenerako. Goi mailako kirolariak dira, Lorpenen galtzerdiak laborategitik kanpo probatzen dituztenak, baldintzarik gogorrenetan eta jarduera maila bortitzenetan. Errate baterako, Iñaki Ochoa de Olza mendizale ospetsuak Himalaian egiten dituen espedizioetan probatzen ditu galtzerdiak; “Team Finland” raidetako talde mistoak ere gauza bera egiten du Munduko Raid Kopako diziplina ezberdinetan. Antartidara egiten diren espedizio zientifikoetan ere Lorpeneko galtzerdiak erabiltzen dituzte.

Barne nahiz kanpoko merkatuaren garapena

1997an, bere marka garatzeaz gain, bere antolaketa komertzialaren egitura ere berritu zuen Lorpenek, bi banaketa-kanal sortuz: bat laburra, salmenta puntu berezituetara fakturatuz, Frantzian eta Espainian; bertzea luzea, banatzaileen bitartez nazioartera ailegatzeko. Guzi honen ondorioz, gaur egun Espainiako galtzerdi teknikoaren merkatuko buruan dago Lorpen, 500 bezero egonkorrekin eta hiru operadore garrantzitsuenetan presentzia du (Intersport, Forum Sport eta El Corte Ingles).

Baina estatuko merkatuaz gain, nazioartean ere aunitz zabaldu da azken urteetan eta Lorpenen produkzioaren hirutik bi kanpoko merkatuetan saltzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun